Gaurtik abian dira traineruen Euskotren eta Eusko Label ligak. Gaur arratsaldean jokatu dituzte denboraldi lehen estropadak, Bilbon, Ibaizabal ibaian. Erlojuaren aurkako arraunketa saioak izan dira. Emakumeek bi luze egin dituzte, ziaboga bakarrarekin, eta gizonek lau luze, hiru ziabogarekin.
Emakumeen VII. Bilboko Bandera jokatu dute lehendabizi, Euskotren ligarako puntuak eman dituen estropada. Orio bigarren txandan aritu da, Donostia Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Donostiarrarekin batera. Estu joan dira gauzak iazko dominatzaile izan zen Arraun Lagunak eta Orioren artean. Aurretik joan dira beti donostiarrak, baina bien arteko aldea ez da inoiz hiru segundotik pasatu. Ziabogan Arraun Lagunak izan da lehena, 5:24 denborarekin, eta Oriok hiru segundo gehiago behar izan ditu buelta emateko.
Itzulerako luzean, baina, hortzak estutu dituzte oriotarrek, eta aldea pixkanak jaten joan da. Bi segundo, bat. Baina esfortzua ez da nahikoa izan bandera irabazteko. Hala ere, erakutsi dute akaso aurten ez dela egongo pasa den urtean izandako alde handiak. Estropada Donostia Arraun Lagunak traineruak irabazi du, 10:42,48 denborarekin. Oriok 86 ehuneko gehiago behar izan ditu lanak bukatzeko. Hirugarren, sorpresa emanaz, aurten kategorian debuta egin duen Zumaia izan da.
Emakumeen lanak amaituta, gizonen txanda heldu da. Hauek XVI. Bilboko bandera zuten jokoan, Eusko Label ligako lehenak. Orio ohorezko txandan aritu da, iazko sailkapeneko hurrenkera errespetatuz. Aurkariak Donostiarra, Urdaibai eta Zierbena izan dituzte Orioko Arraunketa Elkarteko mutilek. Hasieratik buruan jarri da Orio, eta lehen ziabogarako denbora onena egin du. Buruan joan da estropada osoan, eta bigarren ziabogako orduan Donostiarrak bakarrik eusten zion oriotarren paladei: hiru segundoko aldea atera dio Oriok Donostiako traineruari.
Hirugarren luzean beste martxa bat jarri du Oriok, aurkariekiko aldea handituz, eta lasaitasun handiagoarekin emanez hirugarren ziaboga. Akaso aldea handia zelako, laugarren luzea lasaiago hartu dute Gorka Aranberrik gidatutako eskifaiak. Atzetik aurrera egin duena Zierbena izan da, eta bost segundoko aldea jan dio azken luzean Oriori. Hala ere, ez da nahikoa izan, eta Oriok eraman du Eusko Label ligako lehen bandera etxera. Bigarren Zierbena izan da eta hirugarren Donostiarra.
Emakumeek zein gizonek Sestaon izango dute bihar lana. Euskotren ligako estropada 11:25ean hasiko da, eta 12:21ean Eusko Label ligakoa.