Traineru liga hastear da. Nola joan da negua?
Nahikoa gogor lan egin dugu neguan, eta gustura nago alde horretatik, arraunlariak ondo ari direlako erantzuten. Jaitsierei dagokienez, denboraldi aurreko estropadak dira, eta hala hartu behar dira. Orion nahiko ondo ibili ginen, eta San Pedron hobeto ibiltzea nahiko genukeen, baina ontzian aldaketa eta proba batzuk egin genituen. Gipuzkoako Txapelketan, berriz, ez genuen gure estropadarik onena egin, ez genuen asmatu, lesio kontuak ere izan ziren tartean, eta pena izan zen Euskadiko Txapelketara sailkatu ez izana, konpetizioek ematen duten puntu hori falta izan zaigulako. Hori bai, lehiarik gabe egon garen aste horietan saiatu gara gogor lan egiten, eta uste dut taldeak pauso bat aurrera eman duela. Saiatuko gara gure maila onenean ekiten denboraldiari.
Bere alde ona eduki du, hortaz, Euskadiko Txapelketara sailkatu ez izanak.
Ea, amorrua eman zigun kanpoan gelditu izanak, baina bestalde, ondo etorri zaigu lasai egotea, taldean aldaketatxo batzuk egiteko eta akats batzuk zuzentzeko aukera eman digulako. Printzipioz guk baino potentzia gehiago duten taldeen kontra ibiltzea tokatuko zaigula badakigu, eta beraz, ikusten joango gara.
Arraunlari batzuk joan dira, beste batzuk etorri... Baja garrantzitsuak izan al dira?
Hiru arraunlari joan dira, eta beste hiru etorri: joandakoak arraunlari onak ziren, eta baja garrantzitsuak izan dira, bai. Eider Barba, Amaia Galdos eta Alaine Bereziartua dira bajak aurten. Etorritakoei dagokienez, Uxue Urra lehen ere gurekin ibili zen, eta berreskuratu egin dugu, Donostiarran ibili ondoren; Onditz Lekunberri aurreneko aldiz ibiliko da gurekin; eta orain gutxi arte Arraun Lagunak taldean zebilen Irati Gaztelumendi ere gurekin hasi da; taldeak deskartatu egin du, eta guregana etorri da.
Ez dira aldaketa asko...
Ez. Iaz, adibidez, arazo asko izan genituen, baja asko, eta aurten dezente eutsi diogu taldeari. Hiru baja izan ditugunez, gutxienez beste hiru arraunlari nahi genituen, kopuru horixe lortu dugu, eta horrekin lehiatuko eta borrokatuko dugu.
"Asteburu honetan oinarri bat ezartzea gustatuko litzaidake,
eta hortik aurrera pausoak ematen joatea, taldeak oraindik eman ditzakeela uste dudalako"
Zein dira aurtengo helburuak?
Aurrena kokatu egin behar dugu, gu geu izan, Gipuzkoako Txapelketan jasotako kolpetik gatozelako. Uste dut goian ibiltzeko maila daukagula, baina ez ditut gauzak azkarregi egin nahi: aurreneko estropadara joan, kokatu eta gure lana egin behar dugu; orduan baloratuko dugu non egon gaitezkeen denboraldian. Lasai joango gara, burua hotz, eta uste dut zerbait positiboa aterako dugula. Gogotsu gaude, behintzat.
Aurreneko estropada erlojupekoa izango da, Bilboko itsasadarrean. Errioan ohituta zaudete...
Bai, ohituta gaude, eta hurrengo egunean ere itsasadarrean ariko gara, erlojpean beharrean, linean. Kontua da itsasadarrean bestelako faktoreak ere sartzen direla eta beharbada beste ontzi batzuek gureak baino vatio gehiago izan ditzaketela. Dena den, uste dut gure ontzia nahiko ondo dabilela eta goian egoteko aukerak izango ditugula. Irabaztea zaila da, bakarrak irabazten du, eta jendeari galdetzen badiozu ez gara faborito, ezta bigarren edo hirugarren faborito ere. Baina uste dut ohorezko txandan egongo garela, eta argi dut guztia emango dugula ahalik gorenen egoteko. Asteburu honetan oinarri bat ezartzea gustatuko litzaidake, eta hortik aurrerapausoak ematen joatea, taldeak oraindik eman ditzakeela uste dudalako. Horretan gabiltza.
Arraunlariak nola daude?
Ondo, kementsu. Lehen esan bezala, guztiontzat gogorra izan zen Euskadiko Txapelketatik kanpo gelditzea, baina denon artean buelta eman diogu, eta ikusten dugu gauzak behar bezala egiten ditugunean ontzia badabilela, eta horri eutsiko diogu. Azpimarratu nahiko nukeena da gure neskek sekulako meritua dutela, taldea beraiek egin dutelako eta beraiek landu dutelako. Ea noraino iritsi gaitezkeen.