Orio B ontziak dotore hasi du liga

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 21a, 14:04

Orio Orialki B trainerua, aurtengo Oriako Jaitsieran lehian. (Onintza Lete Arrieta)

Hirugarren sailkatu da Orio Orialki B trainerua gaur eguerdian Astilleron (Espainia), bigarrenarengandik hiru segundora.

Anjel Mari Larrañagaren mutilek gaur eguerdian hasi dute traineru denboraldia Astilleron (Espainia). Hantxe jokatu dituzte, izan ere, denboraldi honetako KAE2 ligako nahiz ETE eta KAE1 ligetako lehendabiziko estropadak. Eta hasiera polita eman dio Orio Orialki B traineruak KAE2 ligari. Hirugarren sailkatu da, bigarrenarengandik hiru segundo eskasera. Sei talde ibiliko dira aurten ligan nor baino nor, eta aurreneko estropadan Hibaika nagusitu da, 20:49:84 denborarekin. Portugalete izan da bigarren 21:12:22 denbora eginda, eta Orio hirugarren, 21:15:86 denborarekin. Oriotarrek segundo mordoa atera diete, gainera, laugarren ontziari, Busturialdeari, 21:47:05 denbora egin baitu horrek. 

Bigarren jardunaldia datorren astean izango dute, larunbatean, San Pedro bezpera, Errenterian (Gipuzkoa), 17:30ean hasita. Etxeko hitzordua, berriz, uztailaren 19an izango dute, 11:00etan. Hemen ikus daiteke denboraldiko egutegia, osorik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide