Beste urte batez egingo dute sanpedroetako kronoigoera

Julene Sorarrain eta Gorka Eizagirre 2025ko eka. 17a, 17:00

Aldapa zikloturista elkarteak antolatuta, aurten ere kronoigoera egingo dute San Pedro egunean. Izen-ematea dagoeneko zabalik da, eta ekainaren 25a izango da horretarako azken eguna. Unai Sarasola elkarteko kideak igoeraren xehetasunak azaldu ditu.

Orioko Aldapa zikloturista elkarteak kronoigoera antolatu du beste urte batez, aurtengo San Pedro jaietarako. Hain zuzen ere, San Pedro egunean egingo dute lasterketa, herriko plazatik abiatuta. Aldapa elkarteak garai batean Goiko Kaleko festetan egiten zen bizikleta igoera berreskuratu zuen iaz, eta aurreko edizioaren arrakasta ikusita, aurtengo jaietan ere antolatzea erabaki du.

Hori horrela, bizikleta proba iazkoaren berdina izango dela zehaztu Unai Sarasola elkarteko kideak. 11:00etan hasiko da, eta bi kategoria bereiziko dituzte: 9 eta 14 urte artekoak plazatik Pillikura igo beharko dute, eta 14 urtetik gorakoek, berriz, plazatik San Martinera. "Helburua ez da lehiaketa bat egitea eta saria irabaztea, baizik eta kirola uztartzea eta txirrindularitzaz gozatzea. Horretarako sortu dugu igoera", zehaztu du Sarasolak.

Gainera, errepideko eta mendiko bizikletekin, bizikleta elektrikoekin eta bizikleta bereziekin parte hartu ahal izango da, "parte hartzea sustatzeko". Bestalde, "sari ugari" egongo direla ere jakinarazi dute, hala nola Arkupe elkarteko loteak eta elkarteko maillotak. Izen-ematea zabalik egongo da ekainaren 25era arte herriko ikastetxeetan, kiroldegian eta Kolon Txikin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide