Arrantza eta dantza, eskutik

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025ko eka. 13a, 13:00

Ekainaren 28an ospatuko dute Orion Arrantzale Eguna, eta dagoeneko ari dira hitzordurako dantzen entseguekin. Herritar ugarik parte hartu dute aurten ere.

Maiatza erdialdean hasita, buru-belarri dabiltza hainbat eta hainbat oriotar Arrantzale Eguneko dantzak prestatzen. Usadio bihurtutako ekintzaren hasierak ulertzeko, baina, 2017. urtera egin behar da atzera. Izan ere, urte hartan elkartu ziren Koro Sarasola, Marijo Salsamendi, Karmele Blanco, Maitane Mujika eta Eneko Dorronsoro, San Pedro jaien bueltan ekitaldi parte hartzaile bat sortu nahian. Era batera edo bestera, aipatutako oriotarrak beti egon izan dira dantzari lotuta, eta euren asmoa izan zen berriro diziplina horretara gerturatzea, festa giroan zerbait antolatuz. 

Horrela, lehen bi urteetan artzai eta inudeen bueltako egitaraua eta antzinako ezkontza antolatu zituzten, baina 2019tik, Arrantzale Eguna ospatzen dute herrian.  Beste dozenaka ekitalditan bezala, pandemiak eragina izan zuen Arrantzale Egunean, eta denbora batez geldirik egon ostean, duela bi urte berreskuratu zuten festa. Aurten, beraz, laugarren aldiz beteko dira herriko kaleak sarez, saregilez, antxoa kaxaz, karrozaz nahiz arrantzarekin lotutako bestelako elementuz, baita dantzaz  ere. 

Blancok azaldutakoaren arabera, "ondo" doaz prestaketa lanak, urtetik urtera ekintza "arrakastatsuagoa" delako. Nabaria da hori Etxeluze gaztetxearen kanpokaldetik igarotzen den edonorentzat, barruko espazioarekin nahikoa ez eta kanpora irten behar izan baitute parte hartzaileek entseguak egin ahal izateko. Umeak gaztetxe barruan eta helduak kanpoan, erdian bozgorailu bat jarrita egin zuten, adibidez, asteazkeneko entsegua. "Guztira adin ezberdinetako berrehun pertsonatik gora irtengo gara aurten", azaldu du antolatzaileak. Aldi berean, errio alboko petrilean eserita, hainbat herritar ikus zitezkeen, abanikoa eskuan hartuta. Asteazkeneko beroa, ordea, ez zen oztopo izan dantzarientzat, guztiz kontrakoa: "Botatako izerdiarekin kirol saio eder bat egin izan bagenu bezala goaz etxera!", esan zuen barrez Blancok. 

Gustura egindako lana

Ia 300 parte hartzaile koordinatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina Blancoren esanetan, horrek ez du horrenbesteko lana ekartzen: "Lehen urtean izan genuen lan gehiena, dena antolatu eta jendeari dantzak irakatsi behar izan genizkiolako, baina jada martxa hartu diogu, nahiz eta urtero berrikuntzaren bat edo beste txertatzen saiatzen garen. Gainera, jendearen jarrera oso ona da, eta horrek erraztu egiten ditu gauzak". 

Dantzatuko dituzten doinuak "plazetan entzuten direnak" direla eman du aditzera Blancok: zazpi jauzi, txapeloaz, sardinerak, Balearen bertsoak, kaxarranka... Dena dela, helburua ondo pasatzea dela nabarmendu nahi izan du Blancok, pauso guztiak "perfekzioz" ez jakinda ere.

Familiak, osorik

Ekintza parte hartzailea nahi zuten antolatzaileek, eta xedea guztiz bete dute. Izan ere, kasu askotan familia osoak bertaratu dira entseguetara: "Aitona-amonak, gurasoak eta bilobak etortzen dira, eta hori oso pozgarria da guretzat". Hori da, adibidez, Beñat Solaberrietaren kasua. Hark aipatu duenez, iaz semeekin parte hartu zuen, baina aurten etxeko guztiek eman dute izena. 

Herritarrek Arrantzale Egunean parte hartzea garrantzitsutzat jo du Solaberrietak, "Oriok harreman zuzena duelako arrantzarekin eta dantzarekin, eta arrantzaleei herritarrek aitortza egiteko modu bat ere badelako egun hori". Gainera, haren ustez, egun horrek "xarma berezia" du, eta gustura parte hartzen dute bertan: "Neurria bakoitzak hartzen dio, eta helburua ez da dena zoragarri dantzatzea, giro onean ondo pasatzea baizik". 

Haur nahiz heldu, dantzari zein ikusle, giro apartik ez da faltako ekainaren 28an Orion, ezta festaz nahiz tradizioaz gozatu nahi duen herritarrik ere. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide