Orioko Udalak hilabeteak daramatza herriko zaintzaren egoera eraldatzeko prozesuan murgilduta hainbat eragile eta dinamizatzailerekin elkarlanean. Esaterako, herriko egoeraren diagnostikoa eginda dago, eta datozen hiletako ekintza-plana ere laster aurkeztuko du. Horri lotuta, Zaintzak zagan izeneko egitasmoa antolatu du larunbat honetarako, zaintzarekin lotura zuzena duten Orioko guneen mapa osatzeko. Saio irekia izango da eta, beraz, interesa duten herritar guztiek dute parte hartzeko aukera, udalak jakinarazi duenez. Gainera, ibilbidean zehar, edozein unetan elkartu ahal izango dira taldera herritarrak, eta ez da aldez aurretik izenik eman behar.
Saioaren helburua da zaintzarekin lotutako guneak identifikatzea eta, horietako bakoitzean, parte hartzaileek beren hausnarketak, bizipenak… partekatzea. "Elkarrekin, espazio horiek oriotarren zaintzan duten paper garrantzitsua azpimarratuko da".
Ibilbidea, hori bai, zehaztuta daukate dagoeneko: Herriko Plazan hasiko da, 11:00etan. Plazatik abiatuta, portuan, Ostargi elkartearen lokal berrian, adinekoentzako Eguneko Zentroan eta Iparragirreren dendan egingo dituzte geldialdiak, eta handik, Saregilera joango dira. Ibilbidea han bukatuko dute, hamaiketako batekin.