‘Orioko Zaintzaren Diagnostikoa’ eskuorria herritarren eskura jarri du udalak

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 29a, 10:09

'Orioko Zaintzaren Diagnostikoa' eskuorriko irudi batzuk.

Urtebeteko prozesuaren emaitza da eta 27 orriko dokumentuan laburbildu dute. Lau erronka nagusi identifikatu ditu diagnostikoak, eta eskuorria udaletxeko harreran nahiz Kultur Etxean eskura daiteke, baita online ere.

'Orioko Zaintzaren Diagnostikoa' izeneko txostena kaleratu berri du Orioko Udalak, eta eskuorria herritarrentzat eskuragarri dago jada udaletxeko harreran zein Kultur Etxean. Datozen asteetan, berriz, Saregilen, Eguneko Zentroan, Zaharren Babeslekuan, kiroldegian eta anbulatorioan jarriko dute eskuragarri, eta online ere ikus daiteke.

Udalak Matia Fundazioarekin eta Emagin Elkartearekin elkarlanean osatu du diagnostikoaren dokumentua. Urte hasieran abiatu du herriko zaintza-eredua eraldatzeko prozesua, eta horren barruan kokatzen da diagnostikoa. Saregile emakumeen etxea eta Gizarte Zerbitzuak ere prozesuaren parte dira.

Lau erronka nagusi

Diagnostikoaren prozesuan elkarlanak eta partaidetzak izandako garrantzia azpimarratzen du dokumentuak bere hitzaurrean: batetik, Emagin Kooperatibarekin eta Matia Fundazioarekin egindako elkarlana; bestetik, zaintza-sistema sostengatzen duten zenbait eragile publiko-pribatu eta komunitarioren eskuzabaltasuna; eta azkenik, herritarren parte hartzea, galdetegi bidez, elkarrizketa sakonen bidez, taldekako eztabaida ezberdinetan edota tailerretan. 

Horrez gain, diagnostikoaren beste gako bat izan da "zaintza krisiari era integral batean erantzuteko, begirada eta askotariko errealitateen arteko uztartze estrategiko bat egitea".

Diagnostikoa 27 orriko eskuorrian laburbildu dute, eta bertan ondorengo atalak bildu dituzte: zaintza zer den azaldu da aurrena; ondoren, zaintzaren arloan zer arazo eta zer behar dauden; hainbat datu eman dira Orioko errealitate konkretuaz; diagnostikoa osatzeko lan saioetan jasotako ekarpenen berri ematen da; eta, azkenik, aurrera begirako erronkak jaso dira.

Azken puntu horri dagokionez, lau erronka nagusi identifikatu dituzte: herrian dauden baliabide publiko, pribatu eta komunitarioen mapa osatzea, gaur egungo baliabideak eta bitarteko potentzialak identifikatu ahal izateko; herritarrekin aurten zabaldutako lanerako guneekin jarraitzea, herrian egin nahi diren ekintzak jasotzeko; herritarrak sentsibilizatzeko eta trebatzeko programazioa martxan jartzea zaintza lanekin lotutako askotariko gaiak landuz; eta herri akordioa egitea. Azken puntu hori honela azaldu dute txostenean: "herri akordioa, orain arte adierazitako herri mailako ardura eta konpromiso zehatzetan oinarritu behar da. Akordio honen bidez, zaintzaren ekosisteman dauden eragile publiko, pribatu zein komunitarioak bilduko ditugu, bide-orri zehatz baten garapenean lan egiteko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide