Egoitza berriarekin "pozarren" daude Lera eta Ostargi elkarteetako kideak

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 10a, 12:00

Joskintza tailerrak eta Gabon gaua antolatzen duten taldeek ate irekien jardunaldia egin zuten ostiral arratsaldean. Irail amaieratik daude Kaia kaleko lokal berrian, eta aldaketak eman dien "ikusgarritasuna" azpimarratu dute. 

Irail amaieratik, Kaia kaleko bosgarren zenbakian dute egoitza Ostargi joskintza elkarteak eta Gabon gaua antolatzeaz arduratzen den Lera elkarteak. Behin lokal berrira egokituta, ostiral arratsaldean ate irekien jardunaldia egin zuten, eta gerturatu zirenek kafea eta opilak dastatu ahal izan zituzten.

Ostargiko kideek Kultur Etxeko sotoan egin izan dituzte tailerrak eta lanak orain arte, eta Lerak, berriz, Iturbiden zuen lokala. Bereziki Ostargikoen lana ezkutuan gelditzen zen, eta horregatik, orain "ikusgarritasuna" hartu dutela iruditzen zaie.

Bai Ostargikoak, bai Lerakoak, "pozarren" daude lokal berriarekin. "Luxua" da, esan diote Gukari Lerako kideek. "Hobekuntza ikaragarria izan da, oparia". Egon diren toki guztietan "ondo moldatu" diren arren, Iturbide kaleko aldapako lokaletik oraingora aldea dagoela iritzi diote. "Han ere eroso geunden, baina oso umela zen, eta hau sekulako aurrerapausoa izan da, luxua".

Lerakoek batez ere gordailu lanetarako erabiliko dute lokala, arropak ondo gordetzeko. Ostargikoek, berriz, egunero erabiltzen dituzte, haurrentzako eta helduentzako hainbat tailer eskaintzen baitute bertan. "Topera gaude", azaldu diote Gukari.

Egoitza berriak hiru helburu

Ate irekien jardunaldian izan ziren udal ordezkariak ere, Anuska Esnal alkatea (EH Bildu) eta Lourdes Salsamendi EAJko zinegotzia, besteak beste.

Bertan zen Iñigo Gaiton Kultura teknikaria ere, eta horrek azaldu zuen egoitza berriak hiru helburu dituela: "Batetik, helburuetako bat zen baldintzak hobetzea, irisgarritasunari eta argitasunari dagokionez, adibidez; bestetik, elkarteen arteko sinergiak bultzatzea; eta azkenik, ikusgarritasuna ematea egiten duten lanari".

Alkateak, berriz, esan zuen "oso pozik" dagoela udala, "bi elkarte hauek ekarpen handia egiten diotelako herriari, eta biak oso uztargarriak direlako bai funtzionamendu aldetik, bai egiten duten horretan. Iñigok esandako hiru erronka horiek genituen, eta udalak lokal hau eskuratu zuenean, argi ikusi genuen honetarako aproposa izan zitekeela".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide