Larunbat honetako Nazioarteko XX. Estropadak bereziak izango dira, ez bakarrik berrikuntzekin datozelako, baita Orio Arraunketa Elkarteak 60 urte bete dituela ospatuko dutelako ere. Urtemuga klubaren hazia jarri zutenak omenduz ospatu nahi dute, hau da, sortzaileei omenaldi xumea eginez.
Estropadak amaitu eta sariak banatu ondoren egingo diete aitortza bederatzi herritarri. "Ez dago hasiera haietako aktarik, eta beraz, espero dugu inor ahaztu ez izana omenaldi horretan", azpimarratu zuen atzo eguerdian prentsaurrean Ander Atorrasagasti arraun klubeko zuzendaritzako kideak.
Azken unean, hamargarren lagun bat gehitu dute omenaldira, joan den astean zendu zen Peter Karres alemaniarra. Izan ere, hasierako urte haietan lan handia egin zuen Karresek Oriokoak aulki mugikorrean treba zitezen eta modalitate hori sustatzen.
Omenaldian, sortzaileei nahiz Karresen senitartekoei garaikur bana emango die klubak. Iñaki Arrillaga eskulturgile oriotarrak egin ditu piezak, eta hari ere eskerrak eman zizkien Atorrasagastik.
Udala, gustura
Anuska Esnal alkateak, bere aldetik, esan zuen herritarrak «hunkitu» egiten direla RTVEk aurreneko nazioarteko estropadez egin zuen dokumental txikia ikustean, «herri oso bat» erakusten zuelako arraunaren jiran, eta udalarentzat «pozgarria» dela «60 urte geroago ikustea balentria hura egin zuen zuzendaritza omenduko dutela eta ekosistema hura pil-pilean mantentzen dela».
Haren arabera, «herriko elkarte batek sortu du estropada hau, herriko enpresa batek bultzatu du, eta egitarauan herriko beste eragile batzuek ere parte hartuko dute».