Pasa den ostiralean, apirilak 4, Peter Helmut Karres jauna hil zen Donostian, 82 urte zituela. Aurten 60 urte beteko dira Orioko Arraun Elkartea 1965ean sortu zenetik. Klubaren lehenengo urteetan Oriora kanpotik etorritako atzerritar batzuek sekulako garrantzia izan zuten. Haietako bat izan zen Peter Karres, arraun olinpikoa egiten zuen gazte alemana, Orioko arraunlariei modalitate berrian arraun egiten erakustera etorria.
Datorren larunbatean, hilak 12, XX. nazioarteko estropada izango da Orion, errioan; eta Arraun Elkarteak omenaldi txiki eta sentitua egingo dio Karres jaunari, Orioko arraunari horrenbeste eman zion gizon jator hari. Orioko arraunzaleok aukera ederra izango dugu, estropada-giroan, Peter zena gogoratzeko.
Karkaran eman genuen Peter Karresen berri (321. eta 322. zenbakietan). Hauxe da orduan idatzitakoa, eguneratuta.
Peter Karres: "Euskal Herrira etortzeak zeharo aldatu zidan bizitza"
1960 eta 70eko hamarkadetan horrenbeste estropada irabazitako Orioko zortziko arraun-ontziak Peter Karres izena zuen. Nor zen Peter Karres? Erantzuna emateko, Ibon Gaztañazpik egin zion elkarrizketa batetik hartu ditugu ondorengo hitzak.
Peter Karres Transilbaniako Mediasch hirian jaio zen, 1942an. Ingeniaria, interpretea, puntako kirolaria, negozio-gizona eta arraun-entrenatzailea izan da, besteak beste. Bizitzak batetik bestera ibili du Karres; Austria, Alemania, Brasil, Espainia, Portugal eta... Euskal Herria, Orio.
Jakina, gure herrira arraunak ekarri zuen. 17 urte zituela hasi zen arraunean, Alemaniako txapelketan skiffean hirugarren sailkatu zen eta Alemaniako selekziora deitu zuten. Europako txapelketa irabazi zuen zortzikoko ordezkoa izan zen. 1967an arraun-giroan erabat murgilduta zebilen. Lagun min batek deitu zion Frantziatik, Heit Luckenga arraunlariak. Heit prestatzaile lanetan zebilen han, eta oriotarrak berarekin harremanetan jarri ziren, Orion sortu berri zen arraun elkarte olinpikoan entrenatzaile-lanak bete eta arraun mugikorrean erakusteko. Berak ezin zuen orduan Euskal Herrira etorri eta Peterri luzatu zion proposamena. Ez zuen bi aldiz pentsatu.
Oriora etorrita, erabat harrituta geratu zen. Hasteko, ez zuen Euskal Herriaren berri. Uste zuen Espainiako iparraldeko lurralde batera zetorrela. Zituen erreferentzia bakarrak Espainiari buruzko betiko topikoak ziren: eguzkia, sangria... Oriora iritsi eta herri batekin egin zuen topo, hizkuntza batekin, eta hasieratik oso ondo konpondu zen hemengo jendearekin: "Emandako hitza bete egiten du, eta egiten dituen gauzak fundamentuz egiten ditu".
Alde handia zegoen Frankfurtetik Oriora. Hura hiri handi bat zen eta hau Francoren diktaduraren menpean zegoen arrantza-giroko herri txikia. "Ni hauteskundeetan botoa ematen ohitua nengoen, eta lagun artean sexuaz hitz egiten; hemen ez zegoen horrelakorik. Jendeak ez zeukan mentalitate hori".
Kirol-prestakuntza ere zeharo ezberdina zen. "Alemaniako selekzioan ibilia nintzen eta orduko prestaketa-metodorik aurreratuenak ezagutzen nituen. Hemen estropada aurretik txuletak jan eta baxoerdiak edaten zituzten arraunlariekin egin nuen topo, eta entrenamenduak eta estropadak inolako beroketarik egin gabe hasten zituzten. Txundituta geratu nintzen. Goitik behera aldatu behar izan nuen lan egiteko modua. Era berean, zur eta lur geratu nintzen Kontxako estropada lehenengo aldiz ikusi nuenean: hango jendetza, giroa eta koloreak". Europako eta Munduko txapelketetan egona zen Karres, baina halako arraun-girorik ez zuen sekula inon ikusi.
"Aurreko belaunaldiak zeharo bestelako ikusmoldea zuen, eta ni etorri nintzenean arraro xamar begiratzen zidaten. Ezkutuan entrenamenduak egindakorik ere ezagutu nuen. Kontuan hartu orduko Orion arrauna herriko gauzarik garrantzitsuena zela; nik ezin nuen ulertu, esaterako, nola futbolaz ez zuen inork hitz egiten. Baina niri ez zidaten gauza handirik esaten. Bertako arraunlari gazteek egin behar izan zuten borroka ideologikoa aurreko belaunaldien aurka, eta ukabilkada jo zuten mahai gainea".
Emaztea 1969ko Orioko nazioarteko estropadan ezagutu zuen, Orioko zortzikoa Oxford eta Cambridge-koen kontra lehiatu zen egunean. Ordurako Lisboan lanean ari zela, abuztuan estropadetara etorri zen arraunera. Bidean istripua izan zuen Cáceres eta Badajoz artean, eta handik Oriora arteko bidea autoaren aurreko kristalik gabe egin zuen, hegazkin-pilotuentzako betaurrekoak jantzita, aurpegia hautsez beteta.
Estropadaren ondoren, Billabonatik etorritako bi neska ezagutu zituen, Donostian alemanez ikasten ari zirenak eta praktika nahi zutenak. Haietako bat, Maite Azurmendi, plazako marmitakoaren ondoren etxera eraman zuen autoan, neska ere pilotu-betaurrekoak jantzita, eta halaxe sortu zen bien arteko amodio-istorioa. Urtebetera ezkondu egin ziren Orioko elizan.
Peter Karresen ezkontza-elizkizunean, Benito Lertxundi, haren laguna zela-eta, elizan abestekoa zen; baina apaizak ez zuen baimenik eman horretarako, Benito modernoegia zelako eta lizunkeriak abesten omen zituelako. Elizkizun hartan txistulariak ere ezin izan zuen txistua elizan jo, eta ateak ireki zituzten zimitorioko musika entzuteko.
Bi alaba izan zituzten, Jone eta Ingrid, gaur egun Donostian bizi direnak. Peter eta Maite senar-emazteak Alikante aldean bizi izan ziren. Irail aldean, estropada garaian, gehienetan behintzat, Mediterraneotik Kantauri aldera etortzen ziren. Azken urteak Euskal Herrian eman dituzte.