Larunbat arratsaldean jokatuko dituzte Orioko Nazioarteko XX. Estropadak errioan, eta gaur eguerdian aurkeztu dituzte aurtengo edizioaren xehetasunak. Ohi bezala, Zipri babeslearen egoitzan eskaini dute prentsaurrekoa, eta bertan izan dira enpresa horretako ordezkari Saioa Azkue, Ander Atorrasagasti Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kidea eta Anuska Esnal Orioko alkatea.
Aulki mugikorreko aurtengo hitzordua berrikuntzaz beterik dator, eta Atorrasagastik azaldu ditu horiek. Batetik, iaz baino talde gehiagok parte hartuko dute aurtengo lehian; bestetik, aldatu egin dituzte arraun eremua eta formatua; eta, azkenik, iaz kale egin ondoren, aurtengoan berriz ere lehian izango da Orioko emakumeen ontzia. Aldaketak formatuan Errioko jardunean mareek agintzen dute, eta aurten iaz baino beranduago hasiko dira estropadak, 18:00etan. Horregatik, klubak ahalegina egin du horiek bizi-bizi joan daitezen, eta gainera, txandakatuz egingo dituzte gizon eta emakumeen lanak. Dena ondo bidean, estropadak ordubetean amaituko dituzte, eta 19:00etan hasiko dira finalak.
Estropada garaian, 16:00etatik 21:00etara, Ibai Ondo kalea trafikoarentzat itxita egongo dela jakinarazi du udalak, eta bitarte horretan, Txanka-Hondartza errepidea erabili beharko dutela ibilgailuek herritik ateratzeko.
Estropada eremuan ere bada berrikuntzarik, probak Salatxo tabernaren parean beharrean Herriko Plaza parean amaituko direlako, eta horregatik, estropadak 500 metroko distantziakoak beharrean, 650 metrokoak izango dira aurten. "Guretzat garrantzitsua izan da ontziak zubi azpitik igarotzea, eta estropadez errioaren bi aldeetatik gozatu ahal izatea, ikusgarritasuna irabazten delako", kontatu du Atorrasagastik.
Formatuari dagokionez, hiruko bi talde ariko dira lehian, eta bakoitzak bi estropada jokatuko ditu. Aurreneko taldeak finalera sailkatuko dira, eta besteek bigarren aukera izango dute. Lau talde horiek estropada bat jokatuko dute, eta aurreneko biak sartuko dira finalean. Finalean, beraz, lau talde ariko dira estropada bakarrean, eta errioak lau poste edo kale dituenez, ontzi bakoitzak kale horietako batetik egingo du arraun.
Kaleen zozketa larunbatean izango da, 16:00etan, Arraunetxen.
Seina talde aurten
Partaideei dagokienez, aurten iaz baino talde bana gehiago lehiatuko da bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan, eta Atorrasagastik gaineratu du klubarentzat oso garrantzitsua dela Orioko emakumeak berriz lehian aritzea aurten. "Ez dira asko aritzen modalitate honetan, eta esfortzua egin dute gogor entrenatuta. Ea duela bi urte bezala, aurten ere garaipena eskuratzen duten". Iazko taldeetatik, Club Nautico Sevilla izango da uretaratuko den bakarra. Beste guztiak berriak izango dira: Arraun Lagunak, Astillero, Santiagotarrak eta Viana –portugaldarra da azken hori–. Gizonei dagokienez, Orioz Atorrasagastik esan du aurten bizpahiru estropada jokatu dituztela aulki mugikorrean eta horiek irabazi egin dituztela, eta "konfiantzarekin" daudela. Oriokoekin lehiatuko diren beste bost taldeak honakoak dira: Zarautz, Hondarribia, Caminhense eta Viana portugaldarrak eta Club Nautico Sevilla.
Azkenik, Atorrasagastik eskerrak eman dizkie Zipr enpresari, 18/70 markari eta Orioko Udalari babesletzagatik, eta udal kanpinari eta Boga-boga jatetxeari emandako erraztasunengatik, kanpoko taldeek han egingo baitute lo, baita otorduak ere.
Egitaraua
- 12:00. Arkupe merkatari eta ostalari elkartearen erruleta jokoa, eta Euskal Parrillaren eskutik arraina eta garagardoa dastatzeko aukera. Herriko Plazan.
- 12:30. Kitaldepare txaranga, kalez kale.
- 18:00. Nazioarteko XX. Estropadak, errioan. Helmuga udaletxe parean.
- 19:30. Euskal Parrillaren eskutik hanburgesak eta garagardoa dastatzeko aukera, Herriko Plazan.
- 20:00. Sari banaketa eta arraun klubaren sortzaileei omenaldia, baita Peter Karres zenari ere, Herriko Plazan.
- 21:00. Bide Batez taldearekin erromeria, Herriko Plazan.
- 00:00. Bon DJa, Herriko Plazan.
*OAEren arropa erosteko aukera egongo da plazan.