Orio Arraunketa Elkartearentzat "borobilak izan dira" Oriaren Jaitsierako emaitzak

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 16a, 13:58

Gizonezkoen lehenengo traineruko kideak, atzo, banderarekin. (OAE)

Oriaren 31. Traineru Jaitsiera amaitu berritan, etxeko taldeez eta ekitaldiaz beraz balorazioa egin zion Gukari Andoni Campos Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideak. Egiteko lan asko dagoela uste du, baina baita atzoko emaitza onek arraunlariei indarra eta ilusioa emango dizkietela ere.

Atzo arratsaldean, Oriaren 31. Traineru Jaitsiera amaitu berritan, Andoni Campos Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideak klubaren balorazioa egin zion Gukari. "Mutilek bandera lortu dute, neskek bigarren egin dute eta banderagatik borrokan ibili dira, eta mutilen B taldea ere seigarren izan da; emaitza borobila izan da" esanez hasi zen. Jubenilen lana ere ez zuen aipatu gabe utzi nahi izan: "Jubenilek apenas entrenatu gabe lehiatu dute, talde mistoan gainera, eta hirugarren izan dira".

Uda urrun dago, eta hankak lurrean zituela mintzatu zen Campos, baina ukatu gabe atzokoak indarra ematen diela arraunlariei: "Badakigu oraindik lan asko dagoela egiteko, eta lana ondo egin behar dela hemendik udara bitartean, baina emaitza hauek ilusio eta motibazio handia emango diete arraunlariei; bide ona egiten ari dira, eta horrela jarrai dezatela".

Jaitsieran parte hartu duten ontzi kopuruarekin gustura dago kluba, eta antolaketan arazorik ez dela egon azaldu du, baita eguraldi onak lagundu duela ere. Boluntarioen lana goraipatu nahi izan du: "Eskerrak eman nahi dizkiegu boluntarioei, eta hori letra larriz idaztea nahiko genuke. Kostatu egiten da lagunduko duen jendea aurkitzea, baina betikoak beti hor daude, eta bereziki esker ona adierazi nahi diegu horiei".

Taldeak indartuta

Bi traineru nagusiak indartu dituzte aurtengo denboraldirako, eta horrek berak presioa sortzen du emaitzei dagokienez. Hori bai, Camposek argi du estropada hauen helburua zein den: "Estropada hauek aurredenboraldikoak dira, eta zerbait gaizki egin behar bada, estropada hauetan egin behar da, zuzentzeko denbora edukitzeko".

Hurrengo hitzorduei dagokienez, emakumezkoek Hondarribin izango dute lehia, eta gizonezkoek, berriz, Castroko Jaitsiera. Tartean, gizonezkoak zortzikoan eta bateletan ere ibiliko direla kontatu du Camposek, eta hemendik udara bitartera geldiunerik ez dela egongo.

Bi talde nagusien errepasoa eginez, OAEko kideak azaldu du gizonezkoen taldean entrenatzaile eta patroi berriak egoteaz gain –Iker Zabala eta Gorka Aranberri–, Ander Zabala, Iñaki Elorza, Adrian eta Medina arraunlariak etorri direla, eta "azken unean", Asier Carballeda gehitu dutela taldera. San Pedroko entrenatzailea izan zen iaz. Hala ere, Camposek azpimarratu nahi izan du "iazko etxeko bloke nagusiak jarraitu" egiten duela, "bi baja bakarrik egon direlako". Bestalde, nabarmendu du Oihan Manterola Laskibar "etxeko gaztea" lehenengo taldera igotzea erabaki duela Zabala entrenatzaileak. "Pixkanaka hasiko da Gorka bezalako patroi batengandik ikasten eta esperientzia hartzen".

Emakumezkoen traineruan ere izan dira fitxaketak: besteak beste Uxue Urra, Ondiz eta Maialen aipatu ditu. "Beste taldeetatik etorri dira Oriora, taldea indartzeko interesarekin". Camposek uste du bi taldeak ari direla beren arraunketa sendotzen eta moldatzen, eta udara bidean lan asko egin beharra dagoela iritzi dio.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide