Gaur arratsaldean jokatu da Oriaren 31. Traineru Jaitsiera errioan, eguraldi zoragarriarekin. 16:30ean hasita, 77 ontzi aritu dira nor baino nor erlojuaren aurkako lanean, eta jokoan ziren hiru banderetatik bi etxean gelditu dira, senior gizonezkoena eta beteranoena, hain zuzen –Badok13 taldeak irabazi du azken hori–. Orio Arraunketa Elkarteko gizonen lehen taldeak nagusitasunez irabazi du estropada 19:46,97 denbora eginda eta Donostiarrari hamalau segundoko aldea aterata, eta B taldeak ere lan ederra egin du, eta seigarren sailkatu da. Emakumezkoen taldea ere bikain aritu da, baina ezin izan du garaipena eskuratu, Arraun Lagunak zazpi segundo bizkorrago ibili delako. Dena den, banderaren lehian izan dira oriotarrak. 13:45,49 denbora markatu dute donostiarrek helmugan, eta 13:53, 33, oriotarrek.
Ohi bezala, gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia osatu dute Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta. Minutu bateko tartearekin atera dira ontzi guztiak.
Ikusmin handia eragin ohi du Oriaren Jaitsierak, traineru denboraldia ekainean hasten delako, eta hiruzpalau hilabeteren faltan, senior mailako traineruak zer sasoitan dauden ikusteko balio duelako. Orioko emakumezkoak uretan ikusteko aukera egon da dagoeneko, Portugaleteko Traineru Jaitsieran parte hartu zutelako –baita hura irabazi ere–, baina Orioko gizonezkoentzat aurreneko testa izan da gaurkoa, eta ikusmina bereziki zen handia, aurtengo denboraldian egon diren aldaketa guztiak kontuan hartuta.
Sailkapenak
Gizonezko seniorretan hamabost traineruk parte hartu dute, 17:40ean hasita, tartean eskualdeko guztiek –Orioko A eta B ontziek, Getariak, Zarautzek eta Zumaiak–. Bandera Orioren A taldeak eraman du, eta gainerakoak elkarren hurrena sailkatu dira: Orio B seigarren (20:27;74), Getaria zazpigarren (20:30,78), Zumaia zortzigarren (20:34,92), eta Zarautz, azkenik, bederatzigarren (20:40,89).
Emakumezko seniorren lehia, berriz, minutu batzuk lehenago hasi da, 17:37ean, eta hamahiru talde uretaratu dira. Emakumezkoetan ere eskualdeko talde guztiek parte hartu dute, hau da, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Zumaiarrak bosgarren sailkatu dira 14:18,63 denbora eginda, eta zarauztarrak, berriz, bederatzigarren, 14:31,86 denborarekin.
Beteranoetan Badok13k eta Zumaiak bina ontzi uretaratu dituzte, eta jubeniletan, berriz, Getaria eta Orio izan dira eskualdeko ordezkariak. Biek talde mistoak uretaratu dituzte aurtengoan.