Saharara bidaltzeko elikagai bilketa egiten hasiko dira gaur

Julene Sorarrain - Mireia Galarza Bastida 2025ko urt. 24a, 10:00

Asteburuan ez ezik, otsailaren 1ean ere postua jarriko dute Herriko Plazan, bilketekin jarraitzeko. Beharrezkoak diren produktuak jasoko dituzte, besteak beste, arroza, dilistak, hegaluze-latak eta medikamentuak. 

Urtero Sahararen aldeko euskal karabana abian jartzen dute Euskal Herriko eragileek Piztu itxaropena lelopean, Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren milaka herritarrei laguntza emateko asmoz. 

Fatima Sid Ahmed, Lamat Ali eta Jokin Uragana dira urtero bilketekin laguntzen duten bolondresetako batzuk. Azken asteetan zehar, sentsibilizazio kanpainak eskaini dituzte herriko bi ikastetxeetan, eta gaur Eroski handian izango dira elikagaiak jasotzen.

Hori horrela, gaur, 17:00etatik 20:30era bitartean izango dira supermerkatuan; larunbatean, aldiz, goizeko 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era bitartean izango dira. Gainera, otsailaren 1ean, larunbatarekin, Herriko Plazan izango dira bilketarekin jarraituz. Egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak bilduko dituzte, besteak beste, arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze-latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide