Arantzazuko Andra Mari kaleko ur putzuaren arazoa konpontzeko neurriak hartuko ditu udalak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 4a, 13:00

Aste honetan ur putzu handia sortu da marea oso goian zegoenean euri asko bota duelako eta egungo sistemak ezin duelako ur hori guztia xurgatu. Ingurua berrurbanizatzeko prozesua martxan du udalak, eta horko lanekin batera sistema berria jartzea da asmoa, arazoa erabat desagertzea "zaila" izango den arren, "itsasoa goraka doalako eta herriko puntu baxuena delako hori". 

Urtean hainbatetan sortzen da ur putzua Arantzazuko Andra Mari kale inguruan, kiroldegi azpiko aparkalekuaren sarrera ondoan. Aste honetan, ordea, putzu hori oso handia izan da. Orioko Udaleko bulego teknikoko arduradunek Gukari azaldu diotenez, hori gertatu da marea oso goian zegoenean euri asko bota duelako. "Duela hogei urte askotan gertatzen zen halako putzuak sortzea, herriko puntu baxuena delako. Azken urteetan, berriz, asko hobetu da egoera, ur kontsortzioarekin adostuta, bypassa jarri zelako. Hala, hor pilatzen zen euri ura ur zikinetara bidaltzen da bonbeo baten bitartez. Marea oso goian denean ere ez da arazorik sortzen, euririk ez badu egiten".

Urte askotan ez du arazo handirik eman, baina bulego teknikoan ikusten ari dira azkenaldian egoera batzuk okertzen ari direla "itsasoa igotzen ari delako". Horregatik, "moldaketak" egitea tokatzen da herriko zenbait puntutan. "Udaletxe azpira ere iristen hasi da ura, eta egin behar izan ditugu lan batzuk".

Arantzazuko Andra Mari kale inguruari dagokionez, udalak martxan du eremu hori, ikastola ingurua eta Kaia eta Arrantzale kaleen bukaerak berrurbanizatzeko proiektua, eta aurreikuspenen arabera, datorren urtean hasiko dituzte lanak. Lanak hasi aurretik, aurten, berrurbanizazio proiektu hori jendaurrean jarriko du ikusgai, eta "parte hartze prozesua egingo da herritarrekin". 

"Lan horiek aprobetxatuko ditugu euri urak itsasoratzeko bonbeoa jartzeko. Dezenteko obra da hori, eta horregatik, berrurbanizazio lanekin batera egingo da", azaldu dute. Bulego teknikokoen arabera, horrek asko hobetuko du arazoa, "baina baliteke guztiz ez desagertzea, itsasoa etengabe goraka doalako". Horregatik, udalak errealitatera "etengabe egokitzen" joan beharko duela uste dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide