Denboraldi borobila ari da egiten OBB Bate Bizkorrak taldea

Andrea Zipitria - Urtzi Oteiza 2024ko uzt. 3a, 11:00

Orioko sofbol taldea denboraldiko helburuak lortzen ari da, eta hiru jokalari Espainiako selekzioarekin ariko dira udan. "Harrobia zaintzearen garrantzia" nabarmendu dute.

Softbola gurean hain ohikoa ez den arren, kirol "berezia" dela dio modalitate hori praktikatzen duen Igone Etxeberriak. OBB Orio Bate Bizkorrak taldeko jokalaria da bera, Esti Alvarez eta Sara Loidirekin batera. Gaur-gaurkoz nazioarteko gorengo ligan ari da lehiatzen Orioko taldea, eta "espero baino hobeto" ari dira aurtengo denboraldian. Bigarren bueltan ere indartsu dabiltza, eta kopako play-offera sailkatzea zuten xede. Eta baita lortu ere.

Asteburu honetan bertan, Madrilgo Rivas talde liderraren aurka galdu duten arren, jokatutako beste partidetako emaitzei esker, oriotarrak matematikoki sailkatu dira pla-yofferako. Orain, kopako garaikur preziatuagatik egingo du borroka, Rivasen aurka. Horren aurretik, uztailaren 14an, OBB taldeak Valentziara (Herrialde Katalanak) egingo du bidaia liga erregularreko azken jardunaldia jokatzera, Fenix taldearen aurka.

Ligako norgehiagokaz gain, aipatu hiru jokalariek –Etxeberriak, Alavarezek eta Loidik– Espainiako selekziorekin kontzentratuko dira uda honetan. Hirurek pozik hartu dute berria. Alvarezek dio "pribilegio" bat dela aukera, eta "egunero egiten duzun lana erakusteko eta disfrutatzeko aukera" gisa hartuko duela. Etxeberriak "aparta" bezala definitu du abagunea; izan ere, Kuba, Puerto Rico eta Frantzia izango dituzte aurkari, besteak beste. Haien aurka jokatzeko aukera hori egunero ez dela izaten nabarmendu du Etxeberriak. Zentzu horretan, bi errealitate kontrajarriak nabarmendu ditu: "Haietako asko kirol honetatik bizi dira. Guk, ordea, beste lan batzuk ditugu, beste ikasketa batzuk, eta softbola gure zaletasuna da". Loidi ustekabean harrapatu du Espainiako selekzioaren deiak. "Esperientzia gehiago irabazteko" balioko diola adierazi du, eta noski, "ondo pasatu eta disfrutatuko" duela.

Hamasei taldekide

Patxi Arnal entrenatzailearen gidaritzapean, hamasei taldekidek osatzen dute OBB taldea. Horietatik zortzi dira aspalditik taldearen parte direnak, eta beste hainbeste gaztek osatzen dute multzoa. "Harrobia" ona dela azaldu dute bertako kideek, eta entrenatzaileak "lan asko" ari direla egiten taldeak hemendik urte batzuetara etorkizun oparoa izan dezan. Hala, garbi dute Orioko taldearen indargunea zein den: "Sekretua da talde giro ona edukitzea, eta kirol guztietan bezala, entrenatzea. Horrez gain, partidetako jarrera da garrantzitsuena», esan du Loidik. Alvarezek iritzi dio talde «oso konpletoa» dutela, eta bai defentsan, bai erasoan, gauzak «oso ondo» ari direla ateratzen.

Alderantziz, ahulguneak ere bdituztela onartu dute: «Batzuetan ez daukagu konfiantza geuregan. Entrenatzen dugu, hemen gabiltza eta gauzak ateratzen zaizkigu, baina erakutsi behar denean, benetan lehia dagoenean, batzuetan kikildu egiten gara, eta hor gure arteko laguntzak bultzatzen gaitu aurrera jarraitzera», adierazi du Etxeberriak.

Softbola ohiko kirola ez izanagatik ere,  arestian aipatu bezala, «berezia» da. Izatez, beisbolarekin «antzekotasun asko» ditu, baina aldaera nabarmenekin: pilota handiagoa erabiltzen dute softbolean, eta zelaia pixka bat txikiagoa izan ohi da. Jokalariek aitortu dute beisbola «gehiago» ezagutzen dela gizartean, baina gero eta ikusgarritasun gehiago du. Hala, kirol modalitate hau probatu nahi dutenek eskuzabalik hartuko dituzte OBBn.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide