Herriko Plaza irudimenaren txokoa bihurtu dute gaur eguerdian dozenaka gaztek. Batetik, Orioko Herri Ikastolak antolatutako pintxo lehiaketa egin dute LH3-LH6 artekoek. Bestetik, Tapiza izeneko sormen tailerrean parte hartu dute DBHko hainbat ikaslek, Zorione Mendez sortzailearen gidaritzapean. Ondoren, emaitza udaletxeko balkoitik zintzilikatu dute.
Pintxo lehiaketari dagokionez, hogei taldek eman dute izena. Antolatzaileek talde bakoitzari 20 euro eman dizkie lehiaketarako osagaiak erosteko, eta ondoren, pintxo hotzak zein beroak egin dituzte horiek plazan jarritako mahaietan. Epaimahaiari taldeko pintxo bakarra aurkeztu diote, baina gehienek pintxo mordoxka egiteko aprobetxatu dute lehiaketa.
Epaimahaiko kideek hainbat ezaugarri hartu dute kontuan pintxo irabazlea aukeratzerakoan: zaporea, noski, baina baita originaltasuna eta pintxoari jarritako izena ere. Oriyoko Palotak izeneko pintxoa gustatu zaie gehien epaimahaikideei, eta horiek igo dira oholtzara, saria jasotzera.
Behin lehiaketa amaituta, egindako lanaz gozatzeko momentua izan dute sukaldari gazteek.