San Pedro jaiak 2024

'Tapiza, irudimena plazara' arte jarduera antolatu dute festetan DBHko ikasleentzat

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 17a, 08:00

Zorione Mendez, sormen tailerreko ikasle batekin. (Utzitakoa)

Zorione Mendez sortzaileak eskainiko du tailerra sanpedroetan, doan, udalarekin elkarlanean, eta izena emateko epea zabalik dago ekainaren 27ra arte.

Tapiza, irudimena plazara izeneko arte jarduera antolatu dute Orion San Pedro festetan DBHko ikasleentzat –LH6. maila amaitu dutenek ere parte har dezakete–. Izena emateko epea zabalik dago, eta ekainaren 27a izango da horretarako azken eguna. Galdetegi hau bete behar da izena emateko.

Udalak Zorione Mendez sortzaileari eskatu zion kultur jardueraren bat sortzea, eta hala, uztailaren 1ean, San Pedro hirugarrenez, plazan 11:00etatik 14:00etara hainbat sinbolo edo baloreri lotutako bederatzi irudi sortuko dituzte eta, denen artean, tapiz edo alfonbra bat osatuko dute.

Ondoren zintzilikatu egingo dute hori. "Ikusten zen programazioan ez zegoela ezer kulturari lotuta, eta udaleko Kultura sailekoek komentatu zidaten ea zerbait egitera animatuko nintzatekeen. Hala sortu dugu ekintza", azaldu dio Orio Gukari Mendezek.

Gehienez 30 laguneko taldearentzat prestatu du ekintza, eta hiru-lau pertsonako taldetxotan banatuko ditu partaidetak, horiek tamaina handiko oihalak margotu ditzaten. "Lau kolore erabiliko ditugu: zuria, urdina, laranja eta beltza, eta bakoitzak erabakiko du zer kantitatetan erabili kolore bakoitza". Sinboloak Mendezek berak aukeratu ditu: "Kulunkaria aukeratu dut jolastearekin lotuta; kaskoak, musikagatik; lorea ingurumenarekin, lurra zaintzearekin eta birziklatzearekin lotuta; begia, begirada irekia eta ikuspuntu desberdinei lotuta; euskara, egunerokotasunean erabili behar dugun zerbait delako, gure ama hizkuntza; bonbila, ideiekin eta ametsekin lotuta; bihotza, maitasuna eta afektuagatik; eskua, laguntasunarekin, taldearekin eta konfiantzarekin lotuta; eta azenarioa, bertakoa, osasuntsua, baserria eta emankortasuna irudikatuz".

Tapizaren atzealdean sinbolo horiek iradokitzen dizkieten hitzak jarriko dituzte, eta esaldiren bat lortzen saiatuko dira. Irudiekin pin-ak ere egingo dituzte. Helburuetako bat da "estetikoki gauza polita ateratzea", baina horrez gain, "baita gazteei balio batzuk zabaltzea eta gertutasun bat lortzea ere herriko bi ikastetxeetako gazteen artean", azpimarratu du Mendezek. Plazan lanketa egiten ari diren bitartean musika egongo dela azaldu du Mendezek, eta Orioko Herri Ikastolakoek goiz horretan pintxo hotzen lehiaketa egin behar dutenez, jan-edana ere egongo dela esan du.

Ganbara, irailean berriz

Orioko sortzaileak hainbat proiektu ditu esku artean, eta horietako bat da amaitzear den ikasturtean martxan jarritako Ganbara izeneko jarduera. "Orioko Udalarekin, Zaraguetarekin eta Ikastolarekin elkarlanean aritu naiz Ganbara Sormen Tailerra izeneko eskolaz kanpoko jarduera eskaintzeko", kontatu du. "Zerbait berria izan da, talde txikietan aritu gara, eta uste dut balorazioa ona dela".

Ganbara sormen tailerreko partaideak, jolasean. (Zorione Mendez)

Hiruhileko bakoitzean 30 ikasle inguru izan ditu. 6-16 urte arteko herriko ikasleentzat izan da jarduera, eta ikastaro erdia eskola batean egin dute, eta beste erdia, bestean. "Tailerraren helburua da sormena sustatzea, iritzi kritikoa, talde lana... Alegia, ez da eskulanak egitea bakarrik; amaierako objektua ez da garrantzitsuena".

Horrez gain, "polita" iruditzen zaio bi ikastetxeetako haurrek elkar ezagutzea sormen tailerrarekin bitartez, eta jakinarazi du irailean jarraitu egingo duela oraingo ikasturtean hasitako eskaintzak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide