Bizi-bizi atera da Donostiarra estropadako lehen metroetan, eta segundo bateko aldearekin egin ditu lehen bizpahiru minutuetan. Zer sentitu duzu momentu horietan?
Egia esan, tripulazioak lasaitasunari eutsi dio atzetik joan arren, eta konfiantza handiarekin segitu dugu arraunean. Gure arraunketak segurtasun handia ematen digu, eta, horri eutsiz gero, irabazteko aukera asko genituela argi genuen. Horrela izan da, zorionez.
Bukaera bikaina eman diozue denboraldiari.
Bai, hala da. Talde guztiak egindako lanaren fruitua da lortutakoa, eta benetan harro sentitzen naiz taldekideekiko. Estropada honekin denboraldia borobildu dugu. Talde guztiaren lana. Harro sentitzen naiz taldearen lanarekiko.
Zein izan da estropadaren gakoa?
Gure buruarengan mantendu dugun konfiantza. Eta arraunlari bakoitzaren garaipen gosea.
Ikaragarri egin duzue arraunean, luze eta seguru.
Urte osoko lanaren emaitza da gaur ikusi dena. Arraunketa hori da gurea, luzea, patxadaz egiten saiatzen gara. Hortik atera gabe ibiltzea da kontua.
Zer sentitu duzu helmugara iritsitakoan?
Leherketa moduko zerbait. Aurtengo denboraldia gogorra izan da, osasun krisia dela eta. Udaberrian aste gogorrak pasa genituen, etxean isolatuta ergometroari tira eta tira. Pilatutako amorru dena atera dut kanpora garaipena lortutakoan. Poz ikaragarria eman dit talde-lanean halako garaipena lortu izanak.
Bandera jaso eta hutsik topatu duzue arranpla. Hori ere berezia izango da benetan; tristea, ezohikoa...
Zaleen faltan, benetan eskertzekoa da beste taldeetako arraunlariek egin diguten harrera. Ez zuten nahi gu arranplan bakarrik egoterik, eta txalo artean hartu gaituzte. Ikaragarria izan da.
Inori eskaini nahi al diozu gaurko garaipena?
Etxekoei eta lagunei, bereziki; onean eta txarrean beti gure ondoan daudenei.