Ohorezko txandan jokatuko du gizonezkoen taldeak Kontxako bigarren jardunaldian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 6a, 12:41

Orio Hondarribiarengandik 23 segundora sailkatu da, baina jardunaldiko laugarren denborarik onena egin duenez, ohorezko txandan izango da datorren igandean.

Argazkiak: Iban Egiguren

Arraun adituek diote Kontxako estropadak ezustekoak ematen dituela, eta gaurkoa ere horrela izanda. Orioko gizonezkoen taldeak bigarren txandan arraunean egin du, eta hasieran, ziabogara arte, Hondarribia, Zierbena eta Orioren arteko lehia bizia izan bada ere, poparean ihes egin dute Bidasoako eta Bizkaiko ontziek, eta atzean geratu da Orio. Horrez gain, Hondarribiak itzuleran bi olatu erabakior hartu ditu, eta badiara sartu denean aurre hartu du nabarmen. Orio Hondarribiarengandik 23 segundora sailkatu da, baina jardunaldiko laugarren denborarik onena egin duenez, ohorezko txandan izango da datorren igandean.

Estropada bukatu denean, Gorka Aranberri patroiak argi hitz egin du ETBrekin, eta azaldu du gaurko estropadan bandera galdu dutela. "Joaneko luzean indarrak agortu ditugu, eta ezin izan dugu beste bi ontzien erritmoa jarraitu. 23 segundo tartea handia da eta oso zaila izango da bandera lortzeko lehian izatea. Egia da 2017ko Kontxan lehen jardunaldiko emaitzari buelta ematea lortu genuela bigarren igandean, baina oraingoan hiru talde ditugu aurretik, eta beste hirurek huts egin beharko lukete guk bandera irabazi ahal izateko". Dena dela, igandean ahalik eta lan onena egitera uretara aterako direla azaldu dute Orio Arraunketa Elkarteko kideek. Gainera, arraunlariak animatzeko mezua zabaldu dute sare sozialetan: "Aupa mutilak aurretik edo atzetik, beti zuekin gaude! Momentu onetan eta txarretan beti elkarrekin!", esanez.

KONTXAKO BANDERAKO 1. JARDUNALDIKO EMAITZAK

1.- Hondarribia 19:47,30
2.- Zierbena 19:55,22
3.- Santurtzi 20:06,66
4.- Orio 20:10,84
5.- Bermeo Urdaibai 20:17,00
6.- Donostiarra 20:18,30
7.- Cabo 20:38,30
8.- Zarautz 20:57,54

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide