Argazkiak: Iban Egiguren
Haizeak eta itsasoak baldintzatu dute gaur goizeko emakumezkoen Kontxako estropada, eta itsasoko estropada bikaina ikusteko aukera izan dute zaleek. Joaneko lehen zatian Donostiarrak sartu du branka aurretik, baina gertu jarraitu diote Orioko neskek ere. Poparean, berriz, lehia bizia eta polita jokatu dute bi ontziek. Nadeth Agirre patroiak lan bikaina egin du, eta olatuen indarra eta bulkada aprobetxatzen jakin du estropadaren buruan jartzeko. Itzulerako azken zatian ere norgehiagoka estua jokatu dute bi ontziek; azkenean, helmugan 2,38 segundoko aldea atera diote oriotarrek Donostiako taldeari.
Estropada bukatutakoan Itziar Olasagasti arraunlariak ETB-ri azaldu dionez, buruz burukoa "estua" izan da, baina "pozik" daude lortutako emaitzarekin. Dena dela, datorren igandekoa estropada berri bat izango dela uste du, "ohorezko txandan parte hartuko dugun guztiok aterako baikara txanda irabaztera". Hala, bandera irabazteko lehia irekia geratu da, eta arraun ikuskizun bikaina ikusteko aukera izango da datorren igandeko emakumezkoen estropadan.
Iritzi berekoa da Orio Arraunketa Elkarteko ordezkari Xabier Sukia ere. Estropada amaitutakoan ETBri azaldu dioenez, "Donostiako estropadak magia berezia izaten du, eta gaur emakumezkoen estropadan hori ikusteko aukera izan dugu. Bi segundoko aldea dugu. Aldekoa den bitartean dena da ona, baina nahiago genuke tartea handiagoa izango balitz. Dena dela, lehia arraunarentzat sanoa eta ona dela uste dugu, eta seguru datorren igandean ere estropada bikaina ikusteko aukera izango dugula". Bere hitzartzearen bukaeran, Sukiak eskerrak eman dizkie zaleei gaur goizean herrian egin dieten agurragatik.
KONTXAKO ESTROPADAKO 1. JARDUNALDIKO EMAITZAK
1.- Orio 11:10, 26
2.- Donostiarra 11:12,48
3.- Arraun Lagunak 11:23,86
4.- Tolosaldea 11:27,80
5.- Hondarribia 11:28,60
6.- Hibaika 11:31,52
7.- Zumaia 11:39,82
8.- San Juan 11:51,14
Aupa neskak zorionak! Bi segunduko errenta! #mirotzak #aupaorio pic.twitter.com/Vwiu2OrJKx
— Orio AE (@CRO_OrioAE) September 6, 2020