Ligaren ekuatorea zeharkatu dute gaur Euskotreneko arraunlariek. Gero eta garbiagoa da lehia Donostiarraren eta Orioren artean egongo dela. Gaur donostiarrek bigarren bandera eskuratu dute, eta oriotarrek lau dituzte dagoeneko.
Orio lehen kaletik atera da gaurko itsaso zabaleko estropadan, ura bare samar zela. Lau kaleetako bat hutsik zela jokatu dute, Arraun Lagunak taldeko arraunlari batek koronabirusaren proban positibo eman duelako; orain taldekide guztiei egin behar diete proba.
Apurka-apurka Donostiarra trainerua Oriorekiko aldea handitzen joan da, eta bigarren luzearen amaierarako zazpi segundoko aldea atera diete oriotarrei. 10:51ko denbora egin dute donostiarrek, eta Oriok 10:59koa. Hondarribia oso atzetik heldu da helmugara, donostiarrak baino 30 segundo beranduago (11:22).
Xabier Sukiak ETBri esan dio estropada "gogorra" izan dela, baina Ligari begira erregulartasuna oso garrantzitsua izango dela, eta horretan ongi dabiltza oriotarrak.
Gaurko puntuen banaketaren ostean, Donostiarrako Nadia Tubiok lidertza kendu dio Nadeth Agirreri patroi onenaren lehian.