Atzotik zuena zen liga, TKE arantzatxoa al zen zuentzat?
TKE ligak hamazazpi urte ditu dagoeneko, eta nik uste tokatzen zitzaigula bat hastea. Ilusio hori bagenuen, atzokoa izugarrizko poza izan zen, jardunaldi bat lehenuo eskuetan baikenuen liga. Gaur ondo ospatuko dugu.
Urte historikoa da Oriorentzat, hiru liga irabazi dituelako aurtengo denboraldian.
Bai, gaurkoa historikoa da mutilek irabazi dutelako lehen aldiz, baina aurretik ere historikoa ari zen izaten neskek irabazi zutelako, eta horiek baino lehenago KAE 2ko B taldeak irabazi zuelako. Urte zoragarria ari da izaten eta baloratu egin behar dugu. Jakin behar da hori oso zaila dela gaur egungo arraun munduan, horregatik oso oso gustura gaude.
Atzokoaren ondoren, nola atera zarete gaurko estropadara?
Gu irabaztera atera gara. Lehen txandan bazirudien guri tokatu zaigun kalea onena zela, Urdaibaik hortik irabazi duelako, baina gero haize handia atera da eta aldatu egin dira kontuak. Oso zaila egin zaigu etropada, baina berez irabaztea zen asmoa, beti bezala.
Beso-zabalik hartuko dituzue herrian arraunlariak gaur.
Bai, 19:00etan harrera egingo diegu arraunlariei herriko plazan. Alde batetik, mutilek lehenengo liga irabazi dute eta horri balore handia eman behar diogu oso-oso zaila delako egin dutena. Horrez gain, neskek eta B ontziak ere egin dituzte beren balentriak, eta dena nahi dugu ospatu gaurkoan. Gizonezkoen traineru nagusiak izango du protagonismoa gaurkoan, baina denen artean osatu dute denboraldi borobila. Gaur gure arraunlariek egindako lana ospatzera gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak, horiz jantzita.