Ligaren atarian zaudete, hastear da San Miguel Liga. Zer moduz?
Ondo. Motibatuta, ilusioarekin eta gogo askorekin gaude. Lehian hasteko gogoz, non gauden ikusteko gogoarekin.
Negua nola joan da?
Azkenengo hilabetean saltoa eman dugu, gora egin dugu. Negu hasieran martxa hartzea kosta egin zitzaigun, mutil berri dezente genituen-eta. Baina dinamika ona hartu dugu eta sentsazio onak dauzkagu. Txalupa azkar doa, orain besteak nola dauden ikusi behar...
Baina gu ondo ikusten gara, gustura gaude. Negu ona egin dugu. Jende asko aldatu dugu eta gure asmoa denboraldi berriari begira ere hori da, aldaketa asko edukitzea. 4-5 aldaketa izango ditugu.
Neguan arraunlari guztiak elkarrekin aritu dira...
Bai. Guztiek izan dute beren aukera. Orain 21 mutilekin osatu dugu lehen ontzia horietatik 4 edo 5 harrobitik igotakoak dira.
Harrobiko 4-5 gazte eta traineruan 4-5 aldaketa. Asmoa zer da, udan ere aldaketak egitea irailera puntuan iristeko?
Zarautzeko estropadara, irailera, sasoirik onenean iristea da asmoa, bai. Baina horrek ez du esanahi orain dena emango ez dugunik. Ondo hastea da gure asmoa, borrokan egotea. Lehen lau onenen artean egon nahi dugu.
Ondo hastea ezinbestekoa da, ezta?
Noski. Buruak lan handia egiten du-eta.
Eta ondo bukatzea ere bai. Iraila beti izaten duzue buruan...
Irailera pasata ez iristeko garrantzitsua da aldaketak egitea. Egia da abuztuaren erdialdera aldaketa gutxiago egingo ditugula, baina ordurako guztiek estropadaren bat edo beste jokatuta edukiko dituzte. Baina bai, asmoa aldaketak egitea da, arraunlariak fresko egoteko, ez itotzeko.
Ez da zaila: larunbatean estropada, igandean ere estropada...
Eta beti berdinak jokatuz gero, mutila nekatu egiten da. Gureek, adibidez, ez dute tosta finkorik. Neguan postu ezberdinetan egon dira, mugitu egin dira. Asmoa aldaketak egitea bada garrantzitsua da lanketa hori egitea, aldaketak eginda ere traineruak ondo ibili behar baitu. Eta printzipioz, bide onetik goaz, neguan lan ona egin dugu.