San Miguel Liga hasteko Euskadi Basque Country Bandera egongo da jokoan, beste behin. Oraingo honetan Sevillan emango zaio hasiera TKE ligari. Guadalquivirreko uretan hasiko da lehia, Pasarela de la Cartujaren eta Puenta de la Barquetaren artean. CaixaBank Koroaren edizio berri baten lehen puntuak banatzeko ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Estropada berezia izango da, ez-ohikoa. Binakako erlojupekoa izango da. Irteera ordena aurreko urteko San Migual Ligako sailkapenaren arabera zehaztuko da. Iaz Orio hirugarren postuan sailkatu zen ligan, Hondarribiaren eta Urdaibaien atzetik eta Kaikuren aurretik. Horiek osatu zuten ligako ohorezko txanda.
San Miguel Ligak, guztira, payoffak kontuan hartuta, 21 jardunaldi izango ditu eta irailaren 18an bukatuko da. San Nikolas ontziarekin lehiatuko dira oriotarrak.
Orioko trainerua osatzeko 21 arraunlari daude prest: Jon Agirrezabala, Endika Alberdi, Xabier Arregi, Ibon Arruti, Irakoitz Etxeberria, Unai Etxeberria, Josu Indo, Manuel Lasarte, Unai Lizarralde, Iñigo Mujika, Alain Osanbela, Josu Ostolaza, Oier Aizpurua, Martxel Alday, Odei Arrizabalaga, Iñaki Elorza, Joritz Etxeberria, Aritz Etxebeste, Anartz Larrea, Aritz Lizarralde, Xabier Manrique eta Joxean Olaskoaga bera, entrenatzailea.
Emakumezkoak, etxean eta beranduago
Arrauna Kantauri itsasotik Mediterraneora eraman izan dute azken urteetan, oraingoan hegaldera. Baina, gizonezkoen TKE liga izaten da esportatzen duten bakarra. Emakumezkoen Euskotren Liga uztailaren 9an hasten da, herrian bertan, Orion. IV. Orio Kanpina Bandera izango da jokoan. Zortzi jardunaldi izango ditu ligak eta bizilagunen herrian, Zarautzen, emango zaio bukaera.
Euskotren Ligarako sailkapen estropadak jokatzen dira lehendabizi. Iaz oriotarrek sailkatzea lortu zuten eta liga laugarren postuan bukatu zuten, San Juanen, Zumaiaren eta Hibaikaren atzetik.
Aurten ere ligara sailkatzen ahaleginduko dira Nadeth Agirre, Maialen Aizpuru, Leire Arriola, Itxaso Azkonobieta, Leire Garate, Ohiane Iraola, Laura Jaramillo, Andrea Martin, Garazi Oliden, Olatz Agirregabiria, Myriam Aizpurua, Eider Arruti, Leire Begiristain, Udane Hoyos, Miren Iriondo, Lukene Lizaso, Itziar Olasagasti, Mireia Uranga, Haizea Zinkunegi eta Eider Zubelzu.
Txiki traineruarekin egingo dute arraun neskek, Agirreren gidaritzapean uretan eta Xanti Zabaletaren esanetara lehorrean.