Hiru traineru hiru segundotan. Egoera horretan zeuden San Juan, Zumaia eta Hibaika. Oriok ez zuen ezer galtzeko. Aurrekoan bezala, atzokoan laugarren kaletik aritu ziren neskak. Goizeko 10:00etan puntuan uretaratu ziren, Aupa neskak zioen pankartaren azpitik pasata.
Nerbioak dantzan. Hankak lurrean eta burua hotz. Laugarren kaletik tinko hasi zuten estropada neskek. Arraunketa politarekin. Bost segundo galduta, Hibaikaren pare-parean, iritsi ziren ziabogara. Estropadaren buruan Zumaia zegoen, batelerengandik bi segundora. Barrualdera, San Juanek hartu zuen aurrea. Hibaika ere bizitu eta arroxengana gerturatu arren, 10:38 denborarekin irabazi zuten bigarren aldiz Kontxako Bandera pasaitarrek. Oriok 18 segundora helmugaratu ziren.
Arranpara gerturatzean irribarretsu zeuden arraunlariak. Nadethek gidatutako trainerua zaleen txalo artean uretaratu zen. Animo-oihuak ere ez ziren falta izan. Ezta negar malkoak eta besarkadak ere. Emozioak bizi-bizi zituzten arraunlariek. Denboraldiko azken estropada izan baitzen atzokoa, akaso baita bateren baten azkena ere.
Aurreko asteko sailkapena irauli da
Nesken ostean mutilek heldu zuten estatxa. Hondarribiak 1,92 segundoren aldeari eutsi behar zion. Urdaibaik Ama Guadalupekoak zuen abantailari buelta eman nahi zion. Oriok estropada txukuna egin nahi zuen, txanda irabazi. Eta asmo horrekin abiatu ziren hirugarren kaletik.
Lehen ziabogara Orio apur bat aurreratuta iritsi da. Lehenak izan dira arraun txikia sartu eta bira ematen, Irakoitzek ondo gidatuta. Ziabogatik ateratzerako, ordea, Urdaibai jarri da aurretik. Eta, oriotarrak, pixkanaka-pixkanaka atzean utzi dituzte. Oriotarrak eta gainontzekoak. Bermeotarrak nagusi izan dira badia barruan, eta lehen igandeko sailkapena irauli dute.
Atzetik, batetik bestera ia tarterik ez zela helmugaratu dira Kaiku, Orio eta Hondarribia. Txanda irabazita, Kontxako Banderaren irabazlea izan da Urdaibai. Oriotarrak, dena den, itzulerakoan ezin izan duten arren estropadaren lidertzari eutsi, gustura aritu dira arraunean. Eta zaleak hori eskertu du. Saiakera hori. Denboraldi osoko sakrifikazio hori. Txalo eta bandera hori artean egin dute arranpan gora.
Mutilek 12.000 € eta neskek 4.000 €
Kontxako sariak puztu egin dituzte aurten. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ordainsariak parekatzeko bidean, diru gehiago eman die aurten neskei. Dena den, aldea oraindik handia da. Gizonezkoetan, banderaren irabazleak 24.000 € irabazten ditu. Azken sailkatuak, zortzigarrenak, 5.000 € irabazten ditu. Emakumezkoetan 12.000 € jaso ditu irabazleak. Sailkapeneko azken ontziak, 4.000 €.
Mutilen ordainsariak:
1. 24.000 €
2. 15.000 €
3. 12.000 €
4. 9.000 €
5. 7.000 €
6. 6.000 €
7. 5.000 €
8. 5.000 €
Nesken ordainsariak:
1. 12.000 €
2. 8.000 €
3. 6.000 €
4. 5.000 €