Arrauna 2015

Grisa, baina ez beltza

Karkara 2015ko ira. 7a, 10:30

Kolpea jaso zuten Orioko bi traineruek. Biak estropada buruengandik hamar segundo inguruko distantziara gelditu ziren. Dena den, datorren igandean edozer gerta daiteke.

Lehen igandean ez da banderarik irabazten. Lehen igandean banderaren aldeko lehian sartu zaitezke. Ustezko irabazleak izendatzen dira, baina, oraindik, ez dago irabazlerik. Gainera, usteak hankaz gora jarri daitezke bigarren igandean. Zaila dena ez baita ezinezkoa.

Zaila daukate Orioko bi traineruek. Igandean kronometroa azkarren gelditu zutenengandik urrun xamar gelditu baitziren bi tostak: emakumezkoak estropada buruarengandik hamahiru segundora eta gizonezkoak hamalau segundora. Boga gustura egin omen zuten gizonezkoek, arraunketa onean aritu baitziren. Emakumezkoak, ordea, ez ziren nahi bezala aritu uretan.

Bi taldeek zuten eta dute bandera helburutzat, eta beren esku zegoen guztia egin zuten banderagatik. Baina Kontxa zentzu horretan esker txarrekoa da, urte osoko lana hamar minuturen bueltan besterik ez baita neurtzen. Eta hamar minutu horietan edozer da posible.

Izan ere, ezin uka emakumezkoek sailkatzea helburu izan ordez betebehar zutela aurtengoan, eta maisutasunez bete zutela beren egitekoa. Eta, behin sailkatuta, laugarren postuarekin ez direla konformatzen. Beren buruengan konfiantza osoa dute, arrazoiak baitituzte konfiatzeko. Esponentzialki egin baitute gora, etenik gabe, eta onenen artean egoteaz gain, onenen artean onenak izan daitezkeela demostratu dute. Herriak berengan konfiatzea lortu dute. Posible dela sentitzea.

Eta gizonezkoek ere ligan zehar erakutsi dute banderak astintzeko gai direla, bi bandera lortu baitituzte. Lehena hasiera partean; eta, bigarrena, podiumeko hirugarren koskara kondenatuta zeudela zirudienean. Hortaz, zergatik ez hirugarren bat?

Baina, dagoeneko, pasa den igandea iragana da. Bigarren igandea dute aurretik. Kontxan edozer gerta daitekeela diote, hortaz, nork daki datorren igandean, banderaren aldeko lehiaren sailkapenean, zenbateko dantza izango den. Bereziki, itsasoak ere dantza egiten badu.

Lehen iragarpenen arabera, datorren igandean itsaso txarra izango da. 12 kilometro orduko indarrarekin mendebaldeko haizea eta 1.6 metroko olatuak espero dira. Eta horrek Kontxan edozer gerta daiteke esana indartzen du. Igandean ikusi beharko da zer gertatzen den.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide