Arrauna 2015

Lehen helburua beteta

Karkara 2015ko ira. 4a, 10:07

Kontxako banderagatik lehiatuko dira Orioko bi taldeak datozen igandeetan. Hirugarren postuan sailkatu ziren biak.

Urduritasunez betetako eguna izaten da urtero iraileko lehen osteguna. Barruan egoteko esperantza eta, nolabait, ziurtasuna izaten du beti taldeak. Baina, Kontxan edozer gerta daiteke, hori zen atzoko egunean bolo-bolo zebilen esaldia, urtero bezala. Aurtengoan betebeharra bikoitza zen; iaz lehen aldiz sartu zirenetik, nesken taldeak ere gainean baitu sailkapenaren ardura.

Beren txanda izan zen lehenengo. Hamaika traineru ziren lau postutarako, eta Orio faboritoen artean zegoen. Bigarren txandan lehenengo irten ziren, Getaria, Zumaia, San Juan, Hibaika eta Caboren aurretik. Erreferentziarik izateko aukerarik ez zegoen, beraz.

Azkar egin zuten lehen luzea, 6 minutu eta 10 segundotan. Zumaia izan zen ziaboga lehenago hartu zuen bakarra, eta Hibaika segundo batera zuten atzetik. Itzulerako luzean ere antzeko ibili ziren: Zumaiak egin zuen denbora onena, baina Hibaika Orio baino 14 ehunen lehenago iritsi zen helmugara –lehenengotik 15 segundora–. San Juaneko trainerua hiru segundo geroago sartu zen. Lau horiek izango dira, beraz, datozen bi igandeetan Kontxako estropada jokatuko duten lau emakumezkoen taldeak.

Mutiletan, hogeita lau traineru ziren sailkapen estropadan. Eta zazpi, jokatzen ziren postuak. Hamabosgarren irten zen Orio, bigarren txandan hirugarren. Aurretik zituen Kaiku eta Tiran, eta atzetik Astillero, Hondarribia, Cabo, San Pedro, Portugalete, Urdaibai, Getaria eta Zierbena.

Neskek bezalaxe, mutilek ere bigarren egin zuten ziaboga, Hondarribiaren atzetik, 10:41eko denborarekin. Itzulera ere azkar egin zuten, eta Hondarribiaren atzetik hiru segundora amaitu zuten estropada. Azken hirugarren irten zen Urdaibaik, ordea, azkarrago egin zuen bigarren luzea, eta guztien aurretik sartu zen. 90 ehunen atera zizkion Hondarribiari eta 4segundo Oriori. Gauzak horrela, Urdaibai, Hondarribia, Orio, Kaiku, San Pedro Tiran eta San Juan izan ziren zazpi sailkatuak.

Estropada amaituta, iganderako txanden zozketa egin zuten. Lehen txandan aritzea egokitu zaio Oriori, Urdaibai, Donostiarra eta San Pedrorekin batera. Bigarren txandan Hondarribia, Kaiku, Tiran eta San Pedrok egingo dute arraun. Orain, igandean zein kaletik joango diren jakiteko zain daude guztiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide