Orion, udal liburutegirik ez zen garaian, 1970. urtearen inguruan, Kukuarri mendizale elkarteko kide batzuek liburutegi klandestino ibiltaria sortu zuten. Talde hura ez zen mendi ibilaldiak egitera mugatu; liburutegiaz gain, hitzaldiak eta bilerak ere antolatzen zituen, gazteei bide berriak irekiz.
Gaur egun, herrian udal liburutegia dugu, herritar guztiei irekia, eta, horrez gain, eskoletan liburutegi bana. Udal liburutegia 1975ean zabaldu zuten, Franco hil zen urte berean, Jesus Mari Aiestaran alkate zela. Loli Erkiziak 1969an argitara emandako Orio: entre la ría y el mar liburuan jasotzen duenez, udalak ordurako bazuen liburutegia sortzeko asmoa. Hasieran, udaletxeko beheko solairuan kokatu zuten, gero udaltzainek erabili zuten lokalean. Han aritu ziren lanean Juan Priede, Mari Karmen Aldaz eta Nerea Orbañanos.

Udalak, 1992an, liburuzain lanpostua lehiaketara atera zuen, eta Miren Andueza tolosarrak eskuratu zuen. Ordutik, berak darama liburutegiaren ardura. Garai berean, liburutegia udaletxetik maisu-maistren etxera lekualdatu zuten, gaur egungo Kultur Etxea dagoen tokiko eraikin zaharrera. Beheko solairuan bi gela zeuden, alde banatan, eskolako ikasgela izanak. Haietan kokatu zen liburutegia: ezkerrekoan haurren atala, eta eskuinekoan, helduena.
Miren Anduezak lehenengo bi lan asteak liburuak udaletxepeko liburutegitik maisu-maistren eraikinera garraiatzen eman zituen, Nerea Orbañanosekin batera. Hasierako urteetan, bi gelen artean ibili behar izan zuen etengabe, batetik bestera, eta baldintza horietan ez zen erraza lana behar bezala egitea. Geroago, ordutegiaren arabera antolatu zuten zerbitzua: haurren gela 16:30etik 18:15era, eta helduena, 18:15etik 20:00etara.

Liburuak Eusko Jaurlaritzak bidaltzen zituen, liburutegiak berak ez baitzuen erosteko diru partidarik. Liburu bakoitzarekin batera fitxa bat iristen zen, eta Anduezak kartoizko kutxetan gordetzen zituen. Bistan denez, garai hartan ez zegoen ordenagailurik. Liburuen fitxez gain, baziren bazkideenak ere: erabiltzaile batek liburua hartzen zuenean, liburuzainak liburuaren eta irakurlearen fitxak elkartzen zituen, bezeroak sinatuta.
Ondoren, eraikin zaharra bota eta berria altxatu zuten: gaur egungo Kultur Etxea. Lanek iraun zuten bitartean, liburutegia Bikamiotako Kosta Tailerra eraikinean kokatu zuten. Kultur etxe berria 1996ko urrian ireki zen, Aita Lertxundiren heriotzaren mendeurreneko ospakizunekin batera. Inaugurazioan, Anjel Lertxundik hitzaldia eman zuen.
Irakurleak eta liburuak
Liburuzainarekin elkartu ginen 2025eko urriaren 17an. Ordukoak dira honako datu hauek. 2025eko irailean, liburutegiak 1.200 bisitari izan zituen: 392 gizonezko eta 808 emakumezko. Horietatik 678 helduak ziren, eta 522, berriz, haurrak.

Liburutegian, XXI. mendearen hasieran informatizatu zutenean, 16.024 liburu zeuden. Horietako batzuk zuzenean eskuratzeko moduan zeuden, eta beste batzuk beheko biltegian gordetzen zituzten; hala ere, denak zirkulazioan eta eskuragarri. Gainera, etxetik kontsultatzeko aukera ere badago: liburubila.euskadi.eus atarian jakin daiteke nahi duzun liburua liburutegian badagoen ala ez, eta eskuragarri al dagoen.
Euskarazko liburuen artean, Amets Arzallusen Miñan izan da mailegatuena, 36 aldiz. Ondoren datoz Karmele Jaioren Aitaren etxea eta Amaren eskuak. Gaztelaniaz, berriz, Ibon Martinen La danza de los tulipanes izan da gehien mailegatu dena, 53 aldiz.
Egile mailegatuenen artean, euskarazko honako hauek nabarmentzen dira: Karmele Jaio, Alberto Ladron Arana, Uxue Alberdi eta Katixa Agirre. Gaztelaniaz, berriz, Mikel Santiago, Ibon Martin eta Carmen Mola. Anjel Lertxundiren 68 liburu daude liburutegian: bera da obra gehien dituena, 47 helduentzat eta 21 haur eta gazteentzat.
Maileguan hartzen diren liburuen artean, gehienak intriga edo suspense nobelak dira, batez ere gaztelaniaz eta helduen artean, baina euskarazkoetan ere joera bera nabari da. Haurren kasuan, ipuinak dira nagusi. Bestelako generoetan, honako hauek dira gai ohikoenak: psikologia, osasuna, kirola eta bidaia gidak.
Euskarazkoez eta gaztelaniazkoez gain, badira ingelesezko liburuak ere: 93 guztira. Horietatik 71 dira eleberriak; haurrentzat, berriz, 120 ale daude. Frantsesezko hogei liburu daude, halaber: 11 eleberri eta bederatzi ipuin.
Orioren eta oriotarren altxorra
Liburutegian bada armairutxo bat Herri bilduma izena duena. Oriori eta idazle oriotarrei eskainitako txokoa da: bertako herritarrek idatzitako liburuak eta herriari edo herritarrei buruzkoak batzen dira han. Guztira, 81 ale dira.
Liburu horietako batzuek Orioko pertsona ezagunen biografia edota legatua dute ardatz. Jorge Oteiza da aipatuena; harekin batera, Benito Lertxundi ere hainbat liburutan ageri da protagonista. Beste zenbait oriotar ere bai: Aita Lertxundi, Manuel Lasarte, Juan Zaragueta, Anjel Lertxundi, Fabian Loidi, Patxi Etxeberria eta Antonio Oliden. Liburu batzuetan, modu kolektiboan dira protagonista oriotarrak, esate baterako, herriko bertsolariak eta traineruetako patroiak.

Beste liburu batzuek herriari lotutako gai espezifikoak aztertzen dituzte: Orioren historia, arrauna, bertsolaritza, baserriak, bertako euskara, 1936ko gerra, itsasontziak edo futbola, besteak beste. Gai horiek kanpotik aztertu dituzten egileen artean daude Antxon Agirre, Javier Aymerich, Xabier Alberdi, Txomin Badiola, Alvaro Bermejo, Loli Erkizia, Alvaro Feito, Juan Garcia, Selma Huxley, Antton Kazabon, Xabier Lasa, Nere Lujanbio, Jose Lopez, Pedro Manterola, Carlos Martinez, Felix Maraña, Xabier Saenz de Gorbea, Marta Trutxuelo eta Antonio Zabala.
Bada obra esanguratsu bat liburutegian ez dagoena, baina jatorria Orioko Andu baserrian duen Rodrigo Agandururena dena: Historia General de las Islas occidentales a la Asia adyacentes, llamadas Philipinas. Duela 400 urte baino gehiago argitaratu zen, 1623an, eta gaur egun ale gutxi geratzen direla pentsa daiteke. Era berean, ez dago fraide beneditar horren biografia ere: Aita Rodrigo Agandururen bizitza eta obra (1584–1626) –izenburua euskaratua–, Angel Martinezek idatzia.
Orioko liburu egileen zerrenda ez da oso luzea, baina nabarmen zabaldu da XXI. mendean. Gehienak gure artean dira gaur egun: Haritz Arrizabalaga, Marisa Arruabarrena, Luis Azkue, Jose Antonio Bidegain, Ibai Esoain, Manu Etxeberria, Iñigo Fernandez, Eva Garcia, Iñigo Gastañazpi, Rafa G. Txabarri, Ruben Iglesias, Iñaki Iturain, Patxi Izagirre, Anjel Lertxundi, Loren Loidi, Mikel Markez, Jesus Mari Perona, Xabier Sukia eta Rikardo Uzkudun. Utzi gintuztenak hauek dira: Joakin Arostegi, Manuel Lasarte, Fabian Loidi, Patxi Oliden eta Jorge Oteiza. Halaber, bada Miren Etxeberriak euskaratutako liburu bat: Antxon Agirreren Orio, oro hori eta Ibon Gaztañazpik euskaratutako Julio Villarren E, Petrel!.

Haurren txokoa
Haurrek badute liburutegian berentzat propio antolatutako gune berezi bat: Txiki Txokoa, 0 eta 5 urte bitartekoentzat. Horrez gain, liburutegia bi atal nagusitan banatzen da: helduena, eta 5 eta 16 urte bitarteko haurrena eta gazteena. Liburuzainak dioenez, 12 urtera arte haur ugari ibili ohi da liburutegian; adin horretatik aurrera, ordea, nabarmen jaisten da bisitarien kopurua.
Haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko, 2025ean hamar ipuin kontaketa saio antolatu zituzten. Horietatik zortzi Miriam Mendozarekin egin ziren, Haur Hezkuntzako 3. mailatik gorako haurrei zuzenduak (guztira 208 haurrek parte hartu zuten). Haur Hezkuntzako txikienek heldu baten laguntza behar izaten dute bertaratzeko. Beste bi saioak Lehen Hezkuntzakoentzat izan ziren: bat Dorleta Kortazarrekin (16 haur) eta bestea Pello Añorgarekin (15 haur).
Herrian bada irakurle talde bat, Emakumeen Etxeko Saregilek antolatua, emakume irakurzaleei zuzendua. Hala ere, Orion bada oraindik hutsune bat: herritar guztiei zabalik egongo den irakurle taldea sortzea.
Liburuen historia
Idazketa da historiaren abiapuntua, hura asmatu arteko bidea historiaurrea da, idatzi gabekoa alegia. Eta gizakia idazten hasi zenetik, liburua da idazteko sortu duen artefakturik onena. Iliada eta Odisea dira historiako liburu ezagun zaharrenak. Biblia, berriz, gehien argitaratutakoa. Euskaraz idatzitako eta inprimatutako lehenengo liburua 1545ekoa da. Bernart Etxepare apaizak idatzia, 1480. urtearen inguruan. Etxepare Baxe Nafarroan jaio zen, Nafarroako Erresuma artean independentea zenean. Liburua Bordelen plazaratu zen, 1545ean, Linguae vasconum Primitiae izenburuarekin.
Liburuaren hitzaurrean eta amaierako poemetan agerian uzten du Etxeparek lehen euskal idazlea dela. Euskarari mundura zabaltzeko agintzen dio: "Euskara, jalgi hadi plazara, mundura". Eta euskaldunek ere bide berriak urra ditzaten nahi du, inprimategiaren bitartez, beren burua erakutsiz.
Oteizak, Arantzazun apostoluak sortzen aritu zen garaian, Bitoriano Gandiaga fraide frantziskotarra berriro idazten hastera animatu zuen, Gandiaga idazteari utzita zegoen garaian. Errieta egin zion: "Ekin idazteari, herri honetan ez du inork idazten eta". Geroztik aldatu dira gauzak pixka bat.
Orioko liburutegian bada liburu zoragarri bat: Irakurketaren aldeko manifestua. Irene Vallejo idazleak dio liburua dela gizakiak bere ibilbidean sortu duen asmakizunik onena: "Objektu perfektua da, txikia, eskuragarria, arina... eta bete-betea".
