Gaur 88 urte, 1936ko gerra uztailaren 18an hasi zenetik bi hilabete eta bi egunera, irailaren 20an, gaurko egunez, sartu ziren Aian eta Orion ekialdetik zetozen tropak, Errepublikaren kontra altxatu zirenak. Justu astebete lehenago sartu ziren Donostian, irailaren 13an, eta handik bi egunera Igeldon.
Donostian ekitaldi batekin ekarri zuten gogora joan den ostiralean egun beltz hura. Duela 88 urte, erreketeak, falangistak eta soldadu espainiar, italiar eta moroak Igeldon sartu eta bertan igaro zuten gaua, frontoian eta herriko etxeetan. Gero, bost eguneko borrokaldiak gertatu ziren Mendizorrotz aldean, tropa haien eta haien aurrerakadari aurre egitera joandako gudarien artean.
Tropak Orion sartu baino bi egun lehenago, irailaren 18an, errioaren gaineko zubia eta Altxerri aldeko trenbidearena dinamitatu eta bota zituzten ezkerreko milizianoek. Bezperan, abisua ematen ibili ziren herritarrak herritik kanpora joan zitezen, herria hutsik husteko zubiaren leherketa gauzatu arte.
Irailaren 20an, Aian sartu berritan, hango hilerrian errepublikaren aldeko zenbait miliziano fusilatu zituzten. Gaur 88 urte.