Gaurko estropadako emaitza ez da esperotakoa izan. Zer gertatu da poparean atzean gelditzeko?
Ez da izan esperotako emaitza, baina bai eman zitekeenetako bat. Irteera bikaina egin arren, ez dugu asmatu arraunkera finkatzen. Urte guztian nabari izan dugun konfiantza faltak presatsu egitera eraman gaitu, eta hori izan da itzulerarako erabakigarria. Urte guztia kondentsatzen den estropada honetan kondentsatu zaizkigu urte guztiko mamuak.
Baldera galdutzat ematen al duzue?
Probabilitatean aditu batek gerta litekeela esango luke, eta hori ez da aldatuko, baina ez da gure buruan izango bandera irabaztea. Hala ere, gure buruari zor diogulako baina batez ere merezi dugulako, saiatuko gara dugun potentziala estropada eder batean erakusten. Gaur bezalaxe, hurrengo astean eguneko onenak izaten ahaleginduko gara.
Faltan bota al dituzue zaleen animo oihuak?
Gure artean, tristurei irribarretxo bat pizteko, aurten irabazteak ez duela merezi jardun gara, txantxetan. Bromak utzita, goibel gelditzen da portua zalerik gabe, oilo-ipurdia jartzen duen burrunba eta berotasunik gabe. Hala ere, goizean goiz zubian emozioz bete gaituzten ero horiek erakutsi digute ez gaudela inola ere bakarrik. Aurtengoa -estropada eta ospakizuna- joan den arren, etorriko dira besteak, gozatuko ditugu plaza beteak.