Aiako festak 2026

Sardina jana, toka txapelketa eta Gaztelubidekoen kantak festak alaitzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 9a

Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiak sartu dira azken txanpan. Bihar amaituko dira, baina aurrez, egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute. Gaur arratsalderako, adibidez, erronka antolatu du gazte asanbladak, eta gauerdian karroza izango da protagonista. 

Aiarrak gogotik ari dira San Donato eta San Lorentzo festez gozatzen. Gaur, esaterako, sardina erreak jateko aukera izan dute eguerdi partean, eta toka eta zapo txapelketak ere egin dituzte, plazan bertan. Gainera, ohi bezala bisita egin dute Donostiako Gaztelubide elkarteko kideek, kantuak dotore abesteko herritarren aurrean. 

Arratsalderako ere hainbat ekintza daude antolatuta. Batetik, 17:00etatik 19:30era erronka jokatuko dute gaztetxoek aurrena, eta 16 urtetik gorakoek ondoren, gazte asanbladak antolatuta. 19:30ean, kalejira izango da buruhandi eta trikitilariekin, pndoren kantujira Orioko taldearekin eta gauean, berriz, 22:30ean tonbola egingo dute plazan, eta gauerdian karroza izango da protagonista. Eguna amaitzeko, nahi duenak Euzkolabel DJarekin dantza egiteko aukera izango du.

Jaiak bihar amaituko dira, San Lorentzo eguna ospatuz. Goizean hasi eta gauera arte, honako ekintzak antolatu ditu jai batzordeak: 

  • 11:00. Meza Nagusia.
  • 12:00. Pilota partidak:
    • Lehen partida (gaztexoak eskuz): Atorrasagasti-Caballero Jauregi-Illarramendiren aurka.
    • Bigarren partida (gizonezkoak eskuz): Orbegozo-Irazustabarrena Aranbarri-Albenizen aurka.
  • Ondoren, herriko adinduei eskainitako bazkaria, eskolako jangelan.
  • 17:30. Herri kirol jaialdia.
  • 18:30. Kalejira buruhandi eta trikitilariekin, herriko kaleetan zehar.
  • Ondoren, Joselu Anaiak taldearekin erromeria.
  • 00:00. Traka eta Txapela Bravaren kontzertua.
  • Goizaldean, Aiako aulki jolas txapelketa ofiziala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide