Talaimendiko Amezti etxea eraitsi behar dela ebatzi du Auzitegi Gorenak

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 13a

Talaimendiko Amezti etxea. (SOS Talaimendi)

Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du Garrastazu familiak eta Aiako Udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari aurkeztutako helegitea, eta beraz, Talaimendiko Amezti etxea eraitsi behar dela berretsi du. Hala ere, auzibidea ez da amaitu: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak izango du azken hitza. 

Pasa den urteko urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta beraz, Aiako lurretan –Talaimendi auzoan– eraikita dagoen Amezti etxea bota behar dela ebatzi du. Epaia irmoa da, baina horrekin ez da amaitu hamarkada bat baino gehiago luzatu den prozedura judiziala: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak izango du azken hitza.

11 logela eta beste hainbeste komun dituen txaletaren sustatzaileek –Maite Garrastazu Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren familiak– eta eraikina egiteko hainbat baimen eman zituen Aiako Udalak kasazio helegitea aurkeztu zuten EAEko auzitegiaren ebazpenaren aurka. Erabili zuten argudio nagusia izan zen eraikina eraisteko agindua "larriki kaltegarria" izan daitekeela "interes orokorrarendako", aurrekari bat ezarriko lukeelako eta baserriak berreraikitzeko lizentziak eman dituzten dozenaka udalerriri eragingo liokeelako. Gorenak uztailaren 8an emandako epaiaren arabera, beste udalerri batzuetan antzeko prozedurak egin izan direla aipatzea ez da nahikoa helegiteari bide emateko, eta baztertu egin du helegitea.

2025eko urtarrilaren 17ko epaian, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Garrastazu familiaren eraikinak 2006ko Lurzoruaren Legea urratzen duela, arrazoia emanez hamar urte lehenago salaketa aurkeztu zuen Aire Kirolen Gipuzkoako Federazioari. Besteak beste, baserriak nola eta non berrezar daitezkeen arautzen du lege horrek, eta hain zuzen, Amezti jatorrizko eremutik 200 bat metrora eraikitzeko baimena eman zuen Aiako Udalak. Kokapena nahiz etxe horretara iristeko bidea legez kanpokoak direla ebatzi zuen auzitegiak. Etxea egiteko lizentzia eman zuten garaian, Zarauzko Udalean EAJko zinegotzia zen Maite Garrastazu.

Azken erabakia EAEko auzitegiaren esku

Auzitegi Gorenak emandako epaia irmoa bada ere, oraindik ez da amaitu Talaimendiko etxebizitzaren harira 2015ean irekitako prozesu judiziala. 2025eko urtarrilean eman zuen epaia berretsi edo ez erabaki beharko baitu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Gorenean ez ezik epaitegi horretan ere aurkeztu baitzuten errekurtsoa Aiako Udalak eta Garrastazu familiak. Litekeena da urtea amaitu aurretik ematea ebazpena, eta sententzia berretsiko balu, irmoa izango da Amezti eraisteko agindua.

Horrela balitz, txaletaren sustatzaileei bi milioi eurotik gorako isuna jar diezaiekete, eta horrez gain, etxebizitza eraisteak nahiz Talaimendiko eremua eraikuntza egin baino lehen zegoen bezala uzteak eragingo lukeen kostuaz arduratu beharko lirateke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide