Aia

Amezti etxea bota egin behar dela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 27a, 10:57

Duela urte batzuetako argazkian, Talaimendiko Amezti etxea, eta belardian ardi txakur lehiaketa bat jokatzen. (Aritz Mutiozabal)

Epaitegiak gaur egin du publiko sententzia, eta argudiatu du Lurzoruaren Legea urratu duela eraikuntza horrek. Gipuzkoako Aire Federazioak jo du epaitegi horretara, 2021ean Donostiako Auzibide Administrazio Auzitegiko 1. zenbakiko epaitegiaren epaia errekurrituz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Aiako lurretan –Talaimendi eremuan– eraikita dagoen Amezti etxea bota egin behar dela. Hala, arrazoia eman dio Gipuzkoako Aire Federazioari –duela hamar urte jarri zuen aurreneko salaketa federazio horrek–, eta baliogabetu egin du 2021ean Donostiako Auzibide Administrazio Auzitegiko 1. zenbakiko epaitegiak emandako 249/2021 epaia.

Oraingo epaian, Auzitegi Nagusiak argudiatu du eraikinak Lurzoruaren Legea urratu duela, eta Aiako Udalak hartutako hainbat erabaki erabat deusezak direla ebatzi du, besteak beste, "2013ko urtarrilaren 22ko udal erabakia, Amezti baserria hasieran ez bezalako leku batean berreraikitzeko lizentzia ematen duena". 

Apelatuen artean etxearen jabeak diren Garrastazu familiako hainbat kide daude –tartean etxea egiteko lizentzia eman zenean Zarauzko Udalean EAJko zinegotzi zen Maite Garrastazu–, baita Aiako Udala ere.

Orain, 30 eguneko epean kasazio errekurtsoa aurkez diezaiokete horiek EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako salari.

2015etik epaitegietan

Gipuzkoako Aire Federazioak 2015ean jarri zuen salaketa Talaimendin, Aiako lurretan, eraikitzen ari ziren Amezti etxearen kontra, "babestutako eremu publikoan" eraikin bat egiten ari zirelako –lehen zegoen baserriaren ordez–, eta etxea orduan Zarauzko Udalean zinegotzia zen Maite Garrastazuren familiarena zelako. Baita etxearen kokapena berria zelako, tamaina handiagokoa, eta horren inguruan hesia jarri zutelako. Ordutik epaitegietan ibili da gaia, eta salatuen artean egon dira Aiako Udaleko zenbait teknikari eta politikari.

Epaitegietan bide luzea egin eta gero, 2021 amaieran, Aiako Udalak ohar bidez jakinarazi zuen epaitegiek atzera bota zutela salatzaileen azken errekurtsoa, eta beraz, "udalari arrazoia" eman ziotela. "Epaitegiak ebatzi du egokiak izan direla udalak Amezti eraikinaren inguruan hartutako erabakiak", esan zuen orduan Aiako Udalk.

Urriaren 28an izan zuen udalak Donostiako Auzibide Administrazio Auzitegiko 1. zenbakiko epaitegiaren ebazpenaren berri, eta "Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak ezarritako salaketaren aurrean, Aiako Udalaren jarduera babestu du eta arrazoia eman dio. Azken erabaki honek argi eta garbi utzi du, udalaren, udal teknikarien eta politikarien jardunak zuzenak izan direla".

2021eko epai hari helegitea jarri zion, ordea, Gipuzkoako Aire Federazioak, eta orain, azken horri eman dio arrazoia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide