Aiako Udalak martxan jarri du Etxebizitza Mahaia, eta atzo arratsaldean, Aian bizi nahi duzu? izenburupean, herritarrei zuzendutako bilera irekia egin zuten Kultur Etxean, azken hilabeteetan foro horretan landu dutena azaltzeko. Etxebizitza Mahaiaren helburua, laburbilduz, Aiako herritarrek Aian bizitzen geratzeko aukera izatea da, herrian etorkizun bat bermatuz.
Asmo horretatik abiatuta, udalak galdetegi bat zabaldu zuen iazko azaroan, herritarren etxebizitza eta emantzipazio beharrak ezagutzeko, eta ondoren, etorkizuneko proiektuetan behar horiek kontuan izateko. Horretarako, 400 eskutitz bidali zizkien 20 eta 40 urte bitarteko herritarrei, eta guztira 64 erantzun jaso zituzten. Horietatik, 60k etxebizitza eskuratzeko beharra erakutsi zuten, epe labur nahiz luzean.
Hori ez ezik, 53 herritarrek Aian bizi nahi dutela nabarmendu zuten, herrigunean nahiz auzoetan. "Erantzun horrek, aiarrek errotze sentimendu handia dutela erakutsi du, eta ondorio oso positiboa da", azpimarratu zuen Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak. Beraz, galdetegiko ondorio garrantzitsuenak dira %93,75ek lehen etxebizitza eskuratzeko premia dutela, eta %89ak Aian bizitzen jarraitu nahi dutela dira.
Udalaren proiektuak, martxan
Galdetegi horretatik ateratako erantzunen aurrean, udalak hainbat proiektu jarri ditu martxan etxebizitzaren alorrean aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Esaterako, udal sustapeneko bost etxebizitza eraikiko ditu Aia Lantzenek Arrazubi-berrin, Santio Errekan, eta aurreko astean esleitu zituzten; bost etxeetatik lau aiarrei esleitu zaizkie, hain justu. Bestalde, erretore etxea ere erosi zuen udalak iazko otsailean, bertan 8-10 etxebizitza inguru eraikitzeko. Proiektua 2028. urterako amaitzea aurreikusi dute.
Etxebizitza berrietan ez ezik, udalak interes nabarmena jarri du etxebizitza hutsetan ere, izan ere, Aian 40 etxe huts inguru daudela jakinarazi zuten atzoko bilkuran. Hala, helburua da etxe huts horiek "aktibatu eta herritarrei bertan geratzeko aukera" ematea. Horretarako, etxebizitza horien jabeekin jarriko dira harremanetan, haien "beldur nahiz beharrak" ezagutzeko. Ondoren, etxebizitza horiek alokatu edo erosteko prest dauden gazteen zerrenda bat osatzea izango da hurrengo pausoa. Izan ere, asmo nagusia Aiako etxe jabeekin eta beharrean daudenekin "loturak egiten hastea" da.
Etxebizitza kolektiboaren gaia ere mahai gainean jarri zuten udal ordezkariek. Hain zuzen ere, Ospitaletxe eraikinean sei gela jarriko dituzte alokairuan, gazteek emantzipatzeko aukera izan dezaten. Logelez gain, eraikinak hiru bainugela, sukaldea, egongela eta jangela izango ditu. Ekainean argitaratuko dituzte izena emateko oinarriak, eta urrian izango dute herritarrek bertara sartzeko aukera.
Azkenik, etxebizitza turistikoen gaia izan zuten hizpide bileran. Udalak turistei "ongi etorria" ematen dioten arren, "aiarrak bizi diren Aia bat" lehenetsi dute. Horretarako, beste udalerri batzuetako etxebizitza turistikoen kudeaketa hartzen ari dira erreferentzia gisa.