Aia

Aiako Udalak 1.500 metro koadroko partzela erosi dio Parrokiari etxebizitzak egiteko

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 8a, 10:04

Udalak erretore etxea erosi dio Parrokiari, baita haren inguruko lurrak ere. (Aiako Udala)

Partzela herriaren erdigunean dago, eta 874 metro koadroko eraikina dauka. 370.000 euro kostatu da, eta orain, "garapen aukera onenak zehazteko", eraikina berritzeko prozesuaren "azterketa sakona" egingo du udalak.

Aiako Udalak erretore etxea eta inguruko lurrak erosi dizkio Parrokiari, ohar bidez jakinarazi duenez. Partzelaren azalera 1.562 metro koadrokoa da, eta bertan 874,50 metroko eraikina dauka. Partzela herrigunean dago kokatuta, eta udalak eraberritu egingo du "etxebizitza eskaerari erantzuteko". Horrez gain, hiri-ondare zaharra biziberritzea ere bada helburua, "lehendik dauden baliabideen aprobetxamendua sustatzen duen garapen-eredu bat bultzatzeko".

Udalak Aia Lantzenen bitartez egindako inbertsioa 370.442,19 eurokoa izan da, eta udalak jakinarazi du bi zatitan gauzatuko dela. Kontratua sinatzean %14,6 ordaindu dio udalak Parrokiari (54.090 euro), eta gainerako %85,4 urtea amaitu aurretik emango dio, alegia, 316.352,19 euro.

Udalak jakinarazi du hurrengo pausoa eraikinaren berritze-prozesuaren "azterketa sakona" egitea izango dela, "garapen aukera onenak zehazteko, proiektua indarrean dauden hirigintza eta gizarte araudietara egokitzen dela ziurtatuz".

Aia Lantzeneko, udaleko eta Parrokiako ordezkariak, kontratua sinatzeko unean. (Aiako Udala)

"Dirua herrian geldituko da"

Jon Ander Azpiroz alkateak proiektu honen garrantzia azpimarratu du, herritarren etxebizitza eskubidea bermatze aldera: "Herri txiki bat gara, eta ditugun baliabideekin, saiatuko gara ahal dugun neurrian etxebizitza eskubidea bermatu eta Aian bizi nahi duten herritarren beharrak asetzen. Herriko eraikin hutsak eraberrituz edo berreraikiz, beste erakundeekin elkarlanean, aukera berriak sortzen jarraituko dugu", esan du.

Azpirozek gaineratu du udalak ordainduko duen dirua Aiako parrokiarentzat izango dela: "Lortutako akordioa oso garrantzitsua da herriarentzat, izan ere, eraikinagatik ordainduko dugun dirua bertan geratuko baita. Eraikina Parrokiarena izanik, Aiako parrokiak dituen beharretarako erabiliko da dirua".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide