Aia

Aiak dotore ekin dio pilotako Gipuzkoako Herriartekoari

Onintza Lete Arrieta

Pilota, pilotari baten eskuan.

Asteburuan hasi da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa, eta eskuz, Zizurkili 1-2 irabazi diete aiarrek. Kadeteetan Atorrrasagastik eta Illarramendik jokatu dute, gazteetan Aizpuruk eta Iruretagoienak, eta nagusietan, berriz, Albenizek eta Orbegozok. 

Asteburuan hasi da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Eskuzko modalitatean nahiz gomazko paletakoan eman du izena Aiak, eta eskuzkoentzat hasi da lehia. Zizurkilen jokatu dute final hamaseirenetako kanporaketa, eta joanekoan nagusi izan da Aia, 1-2 irabazita. Kolorerik ez da egon, gainera, aiarrek irabazitako partidetan: 1-22 nagusitu dira kadeteak (Atorrasagasti eta Illarramendi), eta 4-22, nagusiak (Albeniz eta Orbegozo). Galdutako partida, gazteen mailakoa, borrokatuagoa izan da, eta 22-10 emaitzarekin amaitu da (Aizpuru eta Iruretagoiena ari dira Aiaren izenean). 

Itzulerako partidak asteburu honetan jokatuko dituzte, Aiako pilotalekuan. 

Gomazko paleta da herriartekoko modalitate berriena, eta han ere parte hartuko du Aiak. Horientzat, ordea, geroago hasiko da lehia, final laurdenetan ekingo diotelako txapelketari, eta Hernani, Soraluze edo Zumaia izango dute aurkari. Eskuzko modalitatean bezala, etxetik kanpo hasiko dute txapelketa aiarrek, eta etxean jokatuko dute, beraz, itzulerakoa. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide