Martxoaren 8a

Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzera atera dira aiarrak goizean

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 8a

Martxoaren 8aren harira, solasaldia eta herri afaria egin zituzten atzo iluntzean, Alkar elkartean. Gaur goizean, berriz, elkarretaratzea egin dute plazan, Eman tokia berdintasunari lelopean. 

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta aiarrek ere ozen eta irmoki aldarrikatu dute gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, goizean plazan egindako elkarretaratzean. Eman tokia berdintasunari lelopean, 10 minutuko kontzentrazio isila egin dute, eta zapi moreak soinean, adin ezberdinetako hainbat herritar batu dira aldarrikapena egitera. 

Atzo, aldiz, elkarren artean prestaturako otorduaz gozatu zuten Alkar elkartean. Izan Iñurri elkartearen leloetako bat da "ez badakizu zer esan, ekarri kroketak", eta lelo horri helduta, kroketak kozinatu zituzten afarirako. Kultur Etxean egindako solasaldiaz ere gozatu zuten, Izan Iñurriko kideekin batera. Izan ere, aurten banderola moreak saltzetik lortutako dirua Iñurrira bideratu dute, minbiziaren akonpainamenduan, formazioan eta dibulgazioan ikuspegi feminista duen elkartera.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide