Dagoeneko prest dute Martxoaren 8ko egitaraua Aian. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte, hala nola, elkarretaratzea, solasaldia eta egunari amaiera emateko herria afaria.
Martxoaren 7an, larunbatarekin, elkarren artean prestatuko dute otordua Alkar elkartean, 17:00etan hasita. Izan Iñurri elkartearen leloetako bat da "ez badakizu zer esan, ekarri kroketak", eta lelo horri helduta, kroketak kozinatzea erabaki dute afarirako. Ondoren, 19:00etan, solasaldia egingo dute Izan Iñurriko kideekin batera, Kultur Etxean. Eta egunari amaiera emateko, elkarrekin afalduko dute 21:00etan, Alkarren. Hurrengo egunean, martxoak 8, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, 12:00etan hasita.
Herri afarirako txartelak eskuragai egongo dira Jauregin, martxoaren 1era arte, 30 euroren truke. Menuari dagokionez, zizka mizkak, kroketak, arroza barazkiekin, postrea, kafea eta edaria emango dute, baita Izan Iñurri elkarteko poltsa bat ere. Bestalde, banderola moreak ere salgai izango dira martxoaren 1ean, 5 euroan, plazan. Salmentatik lortutako dirua Iñurri elkartera bideratuko dute, minbiziaren akonpainamenduan, formazioan eta dibulgazioan ikuspegi feminista duen elkartera, hain justu.