Aiako festak 2025

Giro atsegina festen azken txanpan

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 9a, 14:09

Bihar, San Lorentzo egunarekin, amaituko dira Aiako festak, eta azken orduak ederki ari dira aprobetxatzen herritarrak. Gaur eguerdian, esaterako, sardina jana egin dute askok, eta tokan eta zapo-tokan ibili dira haur nahiz heldu. Urtero bezala, Donostiako Gaztelubide elkarteko lagunen bisita ere jaso dute herrian, eta horiek hainbat abesti kantatu dituzte jendaurrean.

Asteazken arratsaldetik festan murgilduta dabiltza Aian, baina hasten den guztia bukatzen da, eta San Donato eta San Lorentzo jaiak hasi dira amaierara iristen. Bihar, San Lorentzo egunarekin, agurtuko dituzte jaiak hurrengo urtera arte, baina bitartean, azken orduak ederki ari dira aprobetxatzen herritarrak. Gaur eguerdian, esaterako, sardina jana egin dute askok plazan, eta tokan eta zapo-tokan ere ibili dira haur nahiz heldu. Toka txapelketa izan da, eta sariak ere egon dira amaieran.

Bestalde, urtero bezala, Donostiako Gaztelubide elkarteko lagunen bisita jaso dute herrian, eta horiek hainbat abesti kantatu dituzte jendaurrean, batzuk plazan, eta beste batzuk herriko beste zenbait puntutan, Alkar elkartean bazkaldu aurretik. Tartean zen, nola ez, Gaztelubideko kide aiarra: Valentin Aldalur.

Bihar gauerdira arte, egitarau oparoaz gozatzeko parada izango dute aiarrek. Hona festa batzordeak antolatutako ekintzak:

Gaur, larunbata

  • 16:00-19:30. Bikeshow trial erakustaldia, Irene Caminosen eskutik.
  • 19:30. Kalejira buruhaundi eta trikitilariekin. Herriko kaleetan zehar.
  • 20:00-22:00. Pintxopotea Euskal Parrillaren eskutik eta Andoni Ollokiegik girotuta. Plazan.
  • 22:15. Kontzertuak plazan: Enbata Lorade eta Su ta Gar.
  • Jarraian, DJ Jotatxo.

Abuztuaren 10a, igandea – San Lorentzo eguna

  • 07:00. Diana. Herriko kaleetan zehar.
  • 07:30. Gaupaseroen argazkia.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Pilota partidak. Lehen partida, emakumezkoen gomazko paletaz: Nahia Eizmendi - Garazi Eizmendi eta Amaia Irazustabarrena - Ana Kerejeta. Bigarren partida, gizonezkoak eskuz: Lorentz Orbegozo - Unai Albeniz eta Julen Alberdi - Julen Aizpuru.
  • Ondoren, herriko edadetuei eskainitako bazkaria. Alkar Elkartean.
  • 17:30. Herri kirol jaialdia. Gipuzkoako Binakako Aizkolari Txapelketa eta 4 Arroa harri jasotze finala.
  • Ondoren, kalejira buruhaundi eta trikitilariekin. Herriko kaleetan zehar.
  • 22:45. Su festak.
  • Jarraian, haurren dantza erakustaldia.
  • 23:30. Puro Relajoren kontzertua.
  • 01:00. Trakaren erreketa.
  • Goizeko ordu txikitan, Aiako aulki jolas txapelketa ofiziala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide