Aiako festak 2025

Igande arratsaldean jokatuko dituzte Aian aizkolarien eta harri jasotzaileen Gipuzkoako txapelketak

Aiora Arriola 2025ko abu. 8a, 09:00

Aizkolariak iazko Aiako jaietan. (Ibon Errazu)

Gizonezko aizkolarien binakako eta emakumezko harri jasotzaileen banakako finalak izango dira, 17:30etik aurrera, Aiako pilotalekuan. Eskualdeko kirolariak ariko dira txapelak lortzeko lehian; besteak beste, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño, Olaia Esnaola eta Lierni Osa.

Aiako festen azken hondarretan, gizonezko aizkolarien binakako eta emakumezko harri jasotzaileen banakako finalak ikusteko aukera egongo da pilotalekuan. Izan ere, igandean, abuztuaren 10ean, Gipuzkoako txapelketak izango dira han, 17:30etik aurrera.

Lehenengo mailako binakako aizkora lehian gizonezkoak jardungo dira, guztira sei partaide, hiru bikote osatuta: Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Ugaitz Mugerza; Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Jokin Urretabizkaia Basozabal; eta, Eneko Otaño beizamarra eta Xabier Zaldua. Horiek nor baino nor ariko dira txapela eskuratzeko lehian.

Harri jasotzen, berriz, emakumezkoak arituko dira, Lau Arroa torneoko txapela jokoan egonik. Lau harri jasotzailek parte hartuko dute lehian: Olaia Esnaola azpeitiarrak, Goizeder Abendibarrek, Lierni Osa zarauztarrak eta Ane Cestauek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide