Aiako festak 2025

San Donato egunaz gozatzen ari dira aiarrak

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 7a, 16:03

Landare estanpazio tailerra egon da goizean haurrentzat, eta baita haur eta gaztetxoen eskuzko pilota txapelketako finalak ere. Ikusle ugari elkartu dira frontoian, eta pilotari gazteek ikuskizun ederra eskaini dute. Arratsalde-gau partean egitarau oparoarekin jarraituko dute Aian.

Eguraldi eguzkitsua lagun, San Donato egunaz ari dira gozatzen gaur aiarrak. Goizean goiz diana egon da Joselontxos txarangarekin, eta meza nagusia 11:00etan. Haur eta gaztetxoentzat landare estanpazio tailerra izan da plazan, etahaur ugari animatu da era guztietako hostoak margotu eta horiek poltsatxoetan itsastera. Emaitza benetan politak lortu dituzte herriko artista txikiek.

12:00etan, berriz, frontoian ekartu dira herritarrak, herriko eskuzko pilota txapelketako finalez gozatzeko. Bi partida izan dira: aurrena, 10 urtez azpikoena, eta gero, 11-15 urte artekoena. Lehendabiziko norgehiagokan Jakes-Aihotz bikotea izan da garailea, eta txapeldunordeak Ani-Abel bikotea izan da. Bigarrengoan, berriz, Urtzi-Julen izan dira nagusi, eta Haitz-Adei, txapeldunorde. 10 tantoko bi setera jokatu dituzte partidak, eta berdinketa egon den kasuetan, hirugarren seta egon da, bost tantura. Ikusle ugari bildu da pilotalekuan, eta ikuskizun ederra eman dute pilotari gazteek.

Gaur arratsaldean jarraituko du festak, honako ekintzekin:

  • 15:30. Must txapelketa. 
  • 17:00. Dantza suelto txapelketa.
  • 19:30. Kalejira buruhaundi eta trikitilariekin. Herriko kaleetan zehar.
  • Jarraian, Bide Batez erromeria.
  • 22:30. Bertso jaialdia. Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Iban Urdangarin, Andoni Egaña eta Alaia Martinekin. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
  • Ondoren, Bide Batez taldearekin erromeria.

Hona hemen festetako egitaraua, osorik.

(Argazkiak: Aiako Udala eta Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide