Santio jaietan murgilduta dabiltza Santio Erreka auzokoak, eta beste behin, festarako gogoz direla erakutsi dute bizilagunek. Santio bezperan musika izan bazen jaun eta jabe –Kultur Defender egitasmoarekin, Hidalgo eta Davila DJen eskutik–, atzo, Santio egunez, askotariko ekintzek bete zuten egitaraua, tartean Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketak. Ikusmin handia eragin zuen lehiaketak, eta giro polita jarri zuen frontoian eta inguruan eguerdi partean.
Aurrez, mezarekin hasi zen eguna, eta adinekoek hamaiketako ederraz gozatu ahal izan zuten. Arratsaldean puzgarriak izan ziren umeentzat, eta iluntze eta gau partean, berriz ere musikak hartu zuen protagonismoa.
Eguerdian urdaiazpikoa ere zozkatu zuten festa batzordekoek, eta berehala agertu zen 4367 zenbakiaren jabea saria jasotzera.
Txosna zabalik da egunotan, eta ohiko edariez gain, salgai dituzte festetako kamisetak eta zapiak, eta baita erroskillak –dozena zazpi euroan– eta asto txupitoa izeneko edaria ere.
Gaurko eta biharko ere hainbat ekintza dute prest auzoan. Hondakoa da egitaraua:
Gaur, larunbata
- 10:30. Meza.
- 11:30. Santioko, Ortzaikako eta Aiako gazteen herri kirol desafioa.
- 14:30. Auzo bazkaria, auzokoen eskutik, Alaitz eta Garazik alaituta eta Larrume, Iñaki Gurrutxaga eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
- 00:00. Abiba Diskojaia.
Bihar, igandea
- 12:00. Ume jolasak.
- 16:30. Mus txapelketa.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta utzitakoak)