Aiako festak 2025

Ainitze Zumetak irabazi du aurten ere Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 25a, 15:16

Harri jasotzaileak txapelketa amaitu berritan gaur Santio Errekan, Gipuzkoako federazioko eta Aiako Udaleko ordezkariekin. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur eguerdian jokatu dute lehia Aiako Santio Errekako festen barruan. 84 altxaldirekin nagusitu da zarauztarra, eta 81 altxaldirekin gertu izan du Lierni Osa herrikide eta taldekidea. Hirugarren Olaia Esnaola azpeitiarra izan da, 79 jasoaldirekin. Txapelketa irabazita, Zumeta "pozik eta pisua kenduta" agertu da. Esan du hurrengo erronka Igeldoko Harri Baldarra irabaztea duela.

Jende ugari elkartu da gaur eguerdian Santio Errekan, hango frontoian jokatu baitute Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketa zazpi harri jasotzailek: Udane eta Elene Ostolaza ahizpa oriotarrek, Olaia Esnaola azpeitiarrak, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta zarauztarrek, Malen Morandeirak eta Goizeder Abendibarrek. Iaz bezala, aurten ere txapela Ainitze Zumetak jantzi du, 84 altxaldi eginda. Bigarren Lierni Osa izan da 81 altxaldirekin, Zumetaren herrikidea eta taldekidea –Izeta harri eskolakoak dira biak–, eta hirugarren, Olaia Esnaola azpeitiarra, 79 altxaldirekin.

Berez zortzigarren kirolari bat ere parte hartzekoa zen gaurko lehian, Maddi Gesalaga zarauztarra, baina, azkenean, ezin izan du parte hartu gerriko min batengatik. Txapelketa bertatik bertara ikusten egon da, ordea.

Harri jasotzaileek 62,5 kiloko hiru harrirekin –zilindroa, kubikoa eta bola– bi minutuko txandak egin dituzte, eta Zumetak bolarekin atera die alde handiena besteei.

Sailkapena horrela gelditu da:

Garaipenarekin pozik

Txapelketa amaitu berritan, pozik eta presioa kenduta zen zarauztarra, Gukari azaldu dionez: "Gustura nago, pisua kenduta. Urduritasun pixka bat banuen, altxaldi asko egon direlako orokorrean, eta huts egite batek edo nekeak eragin zezakeelako ez irabaztea. Azkenean ondo atera da, eta oso pozik nago".

Zozketaz erabaki dute zer hurrenkeratan ariko ziren harri jasotzen zazpi partaideak, eta Zumetari egokitu zaio azkena izatea. Osa eta Esnaola ez dira urrun ibili, eta onartu du azkena izatearen bentaja hori eduki duela: "Aurretik besteek zenbat alxaldi egin dituzten ikusten duzu, eta bentaja da hori. Lierni eskolakoa dut, gainera, eta badakit gutxi gorabehera nola ibiliko den, eta hortaz, horren arabera egin dut nik neurea. Olaiarekin jasoaldiak berdindu egin ditut aurreneko bi harriekin, baina banekien bolarekin gehiago izango nintzela, eta ez nekatzera joan naiz".

Iaz ere Zumetak lortu zuen garaipena, zilindroan gaur bezala 33 altxaldi eginda eta kubikoan eta bolan gaur baino altxaldi bana gutxiagorekin –gaur 22 eta 29 egin dizkie–. Gaurko helburua beteta, hurrengo erronkari begira jarriko da: Igeldoko Harri Baldarra. 70 kiloko harria jaso beharko dute abuztuaren 16an. Han ere irabazteko helburuarekin aterako da plazara zarauztarra.

Lesioez galdetuta, hernia batekin dabilela kontatu du, baina zorionez, kanpoan duen diskoak ez diola nerbioa ukitzen, eta nahiko ondo dabilela, nahiz eta batzuetan muskularki kargatzen zaion. 

Txapelketa amaitu berritan, Izeta eskolakoen talde argazkia. (Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide