Aiako Santio Errekan Arroagoian baino festetako egitarau luzeagoa dute antolatuta. Hilaren 19an hasi zituzten jaiak, eta uztailaren 30era arte ospatuko dituzte.
Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketan zortzi harri jasotzaile ariko dira nor baino nor bihar Santio Errekan, 12:30ean hasita. Izan ere, Santio jaien barruan antolatu dute ekitaldia, eta Santio egunez jokatuko dute. Zortzi harri jasotzaile lehiatuko dira: Elene eta Udane Ostolaza ahizpa oriotarrak, Olaia Esnaola azpeitiarra, Maddi Gesalaga, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta zarauztarrak, Malen Morandeira eta Goizeder Abendibar.
Santa Ana egunez, hilaren 26an, egingo duten auzo bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira Sega erretegian, Portu jatetxean edo Errusta tabernan. Menua 25 eurokoa izango da: marmitakoa, txahal saiheskia eta postrea (edaria barne). Oilasko biltzeko afarirako ere aldez aurretik erosi beharko dira sarrerak, txosnan edo Portu jatetxean.
Azkenik, mus txapelketan parte hartu ahal izateko, egunean bertan eman beharko da izena, igandean, 16:00etan.
Egitaraua
Gaur, osteguna. Santio bezpera
- 19:30. Tren geltokitik hasi, eta, goizaldera arte, Kultur Defender, Hidalgo eta Davila DJen eskutik.
Bihar, ostirala. Santio eguna
- 10:30. Meza.
- Ondoren, zaharren hamaiketakoa.
- Jarraian, Emakumeen Harri Txiki txapelketa.
- 16:30-19:30. Puzgarriak, frontoian.
- 19:00. Tren geltokitik hasita, Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Bide Batez taldearekin erromeria.
Etzi, larunbata. Santa Ana eguna
- 10:30. Meza.
- 11:30. Santioko, Ortzaikako eta Aiako gazteen herri kirol desafioa.
- 14:30. Auzo bazkaria, auzokoen eskutik, Alaitz eta Garazik alaituta eta Larrume, Iñaki Gurrutxaga eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
- 00:00. Abiba Diskojaia.
Uztailak 27, igandea
- 12:00. Ume jolasak.
- 16:30. Mus txapelketa.
Uztailak 30, asteazkena
- 21:00. Oilasko biltzeko afaria.