Urko Izeta aiarrak Athletic Club futbol taldean jarraituko du beste bi urtez, klub bizkaitarrak jakinarazi berri duenez. Aurrelariak ekainaren 30ean amaitzen zuen bere lotura Athleticekin, baina 2027ko ekainaren 30era arte luzatu dio kontratua, eta lehen taldeko fitxa izatera pasatu da. Hala, Ernesto Valverde entrenatzailearen aginduetara hasiko du aurredenboraldia.
Athleticek 2023an fitxatu zuen Izeta, eta iaz Mirandes taldean aritu zen, utzita. Hain zuzen, klubak Mirandesen emandako maila goraipatu du: "Izetak golegile aseezina dela erakutsi du beste behin. Mirandesekin 15 gol egin ditu LaLiga Hypermotion-en estreinaldian, horietako bi igoerako play-offean, eta 25 urterekin, erakutsi du futbolari gisa izan duen bilakaera".
Esteka honetan ikus daiteke aiarraren azken urteetako ibilbidea.