Athleticek Urko Iruretagoiena Izeta aurrelari aiarra fitxatu du. Gazteak 23 urte ditu, eta nahiz eta denboraldi honetan Lehen Federazio mailan aritu den Amorebieta taldearekin, Eibarreko harrobian trebatutakoa da. Sei gol sartu ditu denboraldi honetan, eta bi asistentzia eskaini ditu, 18 partidetan.
Athelticek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Izeta "mugikortasun eta erasoan azkartasun handiko" jokalaria da, eta "hazteko gaitasun handia" duela uste du talde bizkaitarrak. "Hala erakusten du gola sartzeko duen gaitasunak", zehaztu dute. Iaz, esaterako, Bigarren Federazio mailan jokatu zuen Arenas Clubean eta 19 gol sartu zituen, 34 neurketetan. Aurrelari aiarra Athleticeko bigarren taldean arituko da, eta Alex Pallaresen aginduetara entrenatzen hasi da, Real Murciaren aurkako partida prestatzeko.