Aiako Gazte Asanbladak antolatuta, kinten arteko aurreneko herri kirol desafioa jokatu zuten larunbat eguerdian Aiako herriko plazan. Eguraldi paregabea suertatu zen, eta adin guztietako ikuslez bete zen plaza. Horiek gozatua hartu zuten bizi-bizi joan zen ikuskizunarekin. Pare bat eroriko kenduta, inolako arazorik gabe burutu zuten saioa guztiek.
Ingudearekin, txingekin, zaku karreran, trontzan, lokotx biltzen eta harri jasotzen ibili ziren sei talde nor baino nor –taldeetako bat kinta desberdinetako herriko gurasoek osatu zuten–. Zozketaz erabaki zuten zer talde lehiatu elkarren kontra, binaka aritu baitziren, eta denborarik onena egin zuten bi taldeek jokatu zuten finala: urdinek eta gorriek. Horiek lortu zuten proba zazpi minutuz azpitik burutzea; denbora oso antzekoak egin zituzten, gainera. Finalean, berriz, gorriak nagusitu ziren. Aipatutako probez gain, finalean korrika saioa ere egin behar izan zuten. Errelebozka aritu ziren herri kirol eremuan bertan.
Guka Telebistak osatutako bideo honetan ikus daitezke herri kirol saioko une politenak, baita protagonisten iritziak entzun ere.