Lehia bizi-biziarekin jokatu dute kinten arteko lehenengo herri kirol desafioa

Onintza Lete Arrieta eta Usua Garin 2025ko mai. 17a, 17:42

Aiako plaza jendez bete da eguerdian sei talde nor baino nor lehian ikusteko. Azkenean, talde gorria gailendu da finalean. Probaren antolatzaileekin eta protagonistekin izan da Guka Telebista.

Aiako Gazte Asanbladak antolatuta, kinten arteko aurreneko herri kirol desafioa jokatu dute gaur eguerdian Aiako herriko plazan. Eguraldi paregabea suertatu da, eta adin guztietako ikuslez bete da plaza. Horiek gozatua hartu dute bizi-bizi joan den ikuskizunarekin. Pare bat eroriko kenduta, inolako arazorik gabe burutu dute saioa guztiek.

Ingudearekin, txingekin, zaku karreran, trontzan, lokotx biltzen eta harri jasotzen ibili dira sei talde nor baino nor –taldeetako bat kinta desberdinetako herriko gurasoek osatu dute–. Zozketaz erabaki da zer talde lehiatuko ziren elkarren kontra, binaka aritu baitira, eta denborarik onena egin duten bi taldeek jokatu dute finala: urdinek eta gorriek. Horiek lortu dute proba zazpi minutuz azpitik burutzea; denbora oso antzekoak egin dituzte, gainera. Finalean, berriz, gorriak nagusitu dira. Aipatutako probez gain, finalean korrika saioa ere egin behar izan dute. Errelebozka aritu dira herri kirol eremuan bertan.

Denek elkarrekin bazkalduz borobildu dute herri kirol erronka hitzordua.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide