Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Aurten ere, indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatu dituzte Aian. Oraingoz bi indarkeria kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan: horietako bat sexu erasoa izan da, eta bestea, indarkeria psikologikoa.
Gizarte Zerbitzuek emandako datuen arabera, emakumeetako batek 39 urte ditu, eta besteak 42. Bat bertakoa da, eta bestea, atzerritarra. Erasotzaileei dagokienez, biak biktimen gertukoak izan dira: senarra kasu batean, eta ezaguna, bestean.
Iazko garai bereko datuekin alderatuta, hiru kasu gutxiago artatu dituzte aurten Aian. Bost emakume horietatik bik indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa jasan zituzten, beste bik indarkeria psikologikoa, eta, azkenak, fisikoa eta psikologikoa. Guztiak oso gertuko pertsonek eraso zituzten iaz ere: senarrak hiru, familiako beste kide batek bat, eta lagunak beste bat.
Indarkeria matxista salatuko dute
Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Aian ere antolatu dituzte protestak eta sentsibilizazio ekintzak. Atzo eguerdian, esaterako, helduentzako poesia emanaldia izan zen Kultur Etxean. Mejillon Tigre kolektiboak Hitz esana izeneko saioa eskaini zuen.
Bestetik, gaur, Azaroaren 25a, 19:00etan giza katean aterako dira Etxetxotik, eta ondoren, elkarretaratzea egingo dute.